Liga baino lehen, Kopa

Athleticek gaur jokatuko du final-zortzirenetako partida, Lezaman, Sevillaren kontra. Realak bihar du norgehiagoka, Vila-realen zelaian

Athleticeko Yulema Corres, Sevillako Natalia Gaitan gainditu nahian. LA LIGA.
ainara arratibel gascon
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Bi asteko etenaren ostean, asteburuan itzuliko da ligako txapelketa. Baina, aurretik, Athleticek eta Realak Espainiako Kopan egin behar dituzte etxeko lanak. Final-zortzirenetako kanporaketa jokatu behar dute. Zuri-gorriek gaur dute partida, Sevillaren kontra, Lezaman (21:00, Tdp); txuri-urdinek, berriz, bihar jokatuko dute, Vila-realen (18:00, Tdp).

Athleticek jada gainditu du kanporaketa bat, final-hamaseirenetakoa, Racingen kontra. Iraia Iturregiren taldeak 0-5 irabazi zuen. Nekane Diezek, Irene Ogizak, Clara Pinedak, Sara Ortegak eta Paula Aranak sartu zituzten golak. Oraingo honetan, Sevilla izango du aurrean. «Mentalki eta fisikoki oso ondo etorri zaigu bi aste hauetako etena. Entrenamendu oso onak egin ditugu, eta gogotsu gaude lehiatzeko», adierazi zuen atzo Iturregik. Honela aztertu zuen kontrarioa: «Normalean, ez du izaten jokorako ekimena, baina, zelai erditik aurrera batez ere, jokalari oso bizkorrak ditu. Defentsan, berriz, oso talde oldarkorra eta ordenatua da. Ez dizkiote gol asko sartzen». Ligan, lehen itzulian, 0-0 berdindu zuten Sevillan. Bigarren itzulikoa oraindik ez da jokatu. Yulema Corres osatu da, baina Marta Unzue deialditik kanpo geratu da, min hartuta baitago.

Ezohiko ordutegian da partida, eta, horregatik, zaleak erakartze aldera, Athleticek autobusak jarri ditu San Mamesetik.

Realak estreinako kanporaketa izango du, aurreko sasoian lehen bosten artean sailkatu zenez final-zortzirenetan sartu baita txapelketan. Ligan, Natalia Arroyoren taldeak 1-4 azpiratu zuen Vila-real. Arroyok gaur emango du deialdiaren berri. Iraia Iparragirre ez da arituko: jokalariak haustura bat izan du berriz eskuin orkatilan, eta ebakuntza egin zioten atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.