Haur eta gazte literatura. 'EULI BAT DUT BIHOTZEAN'

Liburu bihurri bat

2014ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Idazlea: Leire Bilbao.

Ilustratzailea: Maite Gurrutxaga.

Argitaletxea: Elkar.

Bazen behin liburu bat irakurlea dibertitzeko asmoarekin plazaratu zena.

Bazituen gordeta pertsonaiak eta lekuak, bazituen uneak eta gertakariak.

Bazuen bilduma bat, Xaguxar, eta bazuen irakurlearen gutxieneko adin bat, 10 urte —jakinik muga lausoa zela eta bera igual saiatuko zela 7 urteko irakurle baten zein 77 zituen baten irria zabaltzen, mundu guztia dibertitzeko gogoak akuilatuta baitzetorren—.

Erosotasunari garrantzia eman nahi zionez, bere burua hogeita lau ataletan banatu zuen. Denak labur-laburrak —batez beste hiru orrialdekoak, marrazki eta guzti—.

Hurrena, jendaurrean elegante agertu behar zuela otu zitzaion, eta literatura unibertsalari erreferentzia egingo ziola erabaki zuen —zeri eta Kafkaren Metamorfosia-ri!—.

Bihurria ere bazenez, liburuko pertsonaia guztiak jarri zituen kontalari, txandaka: Gorka, Itziar ama, Iñaki aita, Miren arreba. Aitonarekin salbuespena egin zuen, halako lan nekosoa adintsu bati ematea bidegabea zatekeelako edo.

Ilustrazioa konfiantzazko lagun bati enkargatu zion, zer gerta ere.

Inprentako beharginari azala tapaki mehez egiteko agindua eman zion, bere burua arindu nahiaren arindu nahiaz. Marrazkiak koloretan, merezi zuten eta.

Irakurleek, liburua esku artean hartu zutenean, eskertu zuten asmoa, barkatu zizkioten pertsonaien funts ahula eta ahots monokromoa eta, guztiaren gainetik, goratu zuten liburu bihurri hari zerion goizeko freskuraren usaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.