Remco Evenepoel

Harribitxia oraina da dagoeneko

Hautagaien zerrenda batzuetan agertzen bazen ere, balentria egin berri du Remco Evenepoelek, aurrenekoz itzuli handi bat irabazita. 1961az geroztik Espainiako Vuelta irabazi duen ziklista gazteena da.

JAVIER LIZÓN / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Ez zen erraza bete-betean harengan konfiantza izatea, baina oso txirrindulari gutxiren eskuetan dago Remco Evenepoelek (Aalst, Flandria, 2000) aurten osatu duen palmaresa. Lieja-Bastogne-Liejan garaipena eskuratu ondoren, Donostiako Klasikoan erakustaldia emanda irabazi zuen. Orain, aurreneko itzuli handian nagusitu da: Espainiako Vueltan.

Primoz Roglic (Jumbo-Visma) zen faborito nagusia, baina zalantzaz beteriko ekitaldia zen aurtengoa. Frantziako Tourrean eroriko larri bat izatetik zetorren esloveniarra, eta, azkeneko hiru urteetako txapelduna bazen ere, inor gutxik zekien zein gorputzalditan iritsiko zen. Haren atzetik asko ziren hautagaiak, baina Evenepoel (Quick-Step) zerrenda horren azken lerroetan zegoen.

2020an istripu larria izan zuen flandriarrak. Lombardian (Italia) lehiatzen ari zela, zubi batetik behera erori zen, zuhaitz ugariko amildegi batera. Eroriko horren ondorioz, pelbisa hautsi zuen, eta eskuineko birikan kolpe gogorra hartu. Bederatzi hilabetez egon zen lehiatu gabe, baina 2021eko Italiako Giroan itzuli zen tropelera. Hala ere, ez zen espero bezala sentitu, eta lasterketa utzi behar izan zuen. Hori zen hiru itzuli handietan zeukan curriculuma. Espainiako Vuelta zuen aurreneko azterketa handia.

Alboan, ordea, ohorezko matrikulak ateratako txirrindulariak zeuden: Jai Hindley (Bora), Enric Mas (Movistar), Ben O'Connor (Ag2r), Joao Almeida (UAE)... Bakoitzaren gorabeherak tarteko, denek erakutsi dute hiru asteko itzulietan maila gorenean egoteko gai direla. Evenepoelek, berriz, Vuelta zuen lehen aukera onenekin buruz buru aritzeko. Zaleentzat eta adituentzat ez ezik, haren taldeko zuzendariarentzat ere «zalantza nagusia» zen.

Aurreneko astean bertan hasi zuen maillot gorria lortzeko bidea Evenepoelek. Lehen egunean taldekako erlojupeko ona egin zuen Quick-Stepek, eta Pico Janoko etapan, ahoa bete hortz utzi zituen denak berriro. Erakustaldia eman zuen lanbro artean, eta, Masekin tropeletik ihes egin eta gero, 1.27ko aldea atera zion ordura arteko liderrari, Roglici.

Bigarren astea ere ederki hasi zuen. Bederatzigarren etapan, Les Praeresen, erasoa jo zuen, eta ia minutu bat atera zien Masi eta Roglici. Bakarrik egin zuen ihes flandriarrak, eta hari jarraitu ezinda gelditu ziren arerioak. Banakako erlojupekoan ere ez zuen hutsik egin, eta aurreneko garaipena lortu zuen hiru asteko itzuli batean. Azkena izan zen irteeran, eta arerioen marka guztiak txikitu zituen. Roglic baino 48 segundo bizkorrago aritu zen, eta ia hiru minutura handitu zuen aldea sailkapen nagusian.

Une txarrak gainditu ditu

Hala ere, izan ditu une txarrak. Sendoen zegoela zirudienean, Roglicek erasoa jo zuen La Panderan, eta pott egin zuen flandriarrak. Evenepoelek hortzak estutzen jakin zuen, eta, azkenerako, esloveniarrarengandik 52 segundora sartu zen. Ahulezia txiki bat ikusi zitzaion, ordea, eta Roglic hazi egin zen. Orduan iritsi zen mugarrietako bat. Roglic erori egin zen 16. etapan, eta, Tourrean egin bezala, lasterketa utzi behar izan zuen. Hori ikusita, txapeldun handien jarrera erakutsi zuen Evenepoelek: lasterketa kontrolatu, aurkarien ahaleginei erantzun, eta indarrari eutsita, atzera begiratu gabe jo. Mas saiatu zen hura ataka estuan jartzen, baina ez zuen indarrik izan. Liderrak bi egun zail izan zituen, baina gainditu zituen. Garaipena lortzeaz gain, une txarrak igaro behar direla ere ikasi du, eta ez dituela beti lasterketa guztiak irabazi behar.

Flandriarrak historia egin du, eta hura ere jakitun dago. Negar malkotan iritsi zen Navacerradako helmugan taldekideengana, azken-aurreko etapan, eta inoiz ez bezala ikusi zuten zaleek. «Arrakasta handia da, historikoa nire taldearentzat, nire herriarentzat eta niretzat. Amets bat izateari utzi, eta errealitatea bihurtu da», esan zuen maillot horiaren jabeak helmugan.

Gazteak ostikoka bota du Vueltako atea. Batetik, 1961az geroztik lasterketa irabazi duen txirrindulari gazteena da Angelino Solerrek irabazi zuen orduan, 21 urterekin—. Bestetik, 44 urteren ostean, itzuli handi bat eman dio Belgikari. Hala ere, ez da izan nabarmendu den gazte bakarra. Juan Ayuso katalana (UAE) hirugarren izan da, eta azken 118 urteetan itzuli handi batean podiuma lortu duen debutaririk gazteena da. Gainera, 22 urtez azpiko beste hiru ziklista sailkatu dira bosgarren, seigarren eta zazpigarren postuetan: Almeida (UAE), Thymen Arensman (DSM) eta Carlos Rodriguez (Ineos), hurrenez hurren.

Orain, Munduko Txapelketa

Espainiako Vueltan maillot gorria eskuratu arren, flandriar gazteak ez du denboraldia amaitu. Evenepoelek Errepideko Munduko Txapelketetan parte hartuko du Belgikako selekzioarekin. Wollongongen (Australia) jokatuko da Munduko Txapelketa, hilaren 18tik 25era bitartean. Aurreneko egunean, igande honetan, erlojuaren aurkako saioarekin jarriko da abian lehia. Egun berean, ibilbide berean eta distantzia berean egingo dira emakumezkoen eta gizonezkoen saioak. Lehenengoz egingo da hori Munduko Txapelketaren historian.

Errepideko lasterketak hurrengo astean egingo dira, hilaren 24an eta 25ean. Larunbatean emakumeak lehiatuko dira, eta igandean, gizonezkoak. Gainera, juniorrak eta 23 urtez azpikoen txapelketak ere bertan jokatuko dira. Horien txanda hilaren 19an, 20an, 23an eta 24an izango da.

Guztira, zortzi euskal ziklista arituko dira Australian: Gotzon Martin (Euskaltel-Euskadi), Urko Berrade (Kern Pharma), Oier Lazkano, Lourdes Oiarbide (Movistar), Ane Santesteban (BikeExchange), Idoia Eraso, Enekoitz Azparren (Laboral Kutxa) eta Jokin Murgialdai (Caja Rural). Espainiarekin ariko dira guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.