Albistea entzun

KLIMA ALDAKETA

Lurra, 12 josturetatik urratzear

Zientzialariek identifikatu dituzte Lurraren berotzea dela eta berehala hondamendi ekologikoa eragin dezaketen guneak
Tamaina handiagoan ikusi

EDU LARTZANGUREN -

2004ko urriak 19 - DONOSTIA

Jada berandu izan daitekeela iradokitzen duten datuak eman zituzten joan zen astean atmosfera zaintzen ari diren zientzialariek. Mauna Loa (Hawaii) mendiko behatokiak jasotako karbono dioxido mailak erakusten duenez, azken bi urteotan ustekabean eta izugarri handitu da berotegi efektua eragiten duen gas honen kopurua. Lurraren berotze geldiezinaren aurrean, planetaren 12 gune edo fenomeno adi-adi behatzeko dei egin du Erresuma Batuko klimatologo talde batek. Edozein unetan, hondamendia eragin dezakeen klima aldaketaren kate erreakzioa gune horietan abiatuko dela uste dute. Jarraian, Joachim Schellnhuber fisikariak «ohartarazpen gune» deitu dituen lekuon zerrenda.

-Saharako basamortua: Eremua murriztuko dela espero dute zientzialariek, basamortuaren mugak berdetuko direlako euriak maizago gertatu ahala. Planetarentzat ez da, ordea, berri ona. Haizeek Saharatik itsasora eramaten duten hautsa Atlantikoko planktonaren janaria da, eta horrek karbono dioxidoa xurgatzen du. Horrez gain, Saharako hautsak eguratsa egonkortzen du eta urakanak sortzea galarazten.

-Amazoniako oihana: Lurreko gunerik aberatsenetakoa da bioaniztasunaren ikuspegitik. Berotzeak euriak murriz ditzake eta milaka ekosistema arriskuan jarri. Horrez gain, lehorteek zuhaitzak ihartuko lituzkete. Egurra usteldu ahala karbono dioxido kopuru izugarria aireratuko litzateke: XX. mende osoan erregai fosilek jaurtitako adina.

-ozono geruzaren zuloa: Larrialdi guztien ama da, Schellnhuberren arabera, eguzkiaren erradiaziotik babesten gaituen eguratsaren zati hau. Ozonoa suntsitzen duten gasen indarra biderkatu dezake atmosferaren berotzeak. Izan ere, beheko geruzak berotu ahala estratosfera hoztuz joango litzateke eta ozonoa sortzeko prozesua geldiaraziko luke. Eragina Europan sentituko litzateke, batez ere. Azaleko minbizi edo itsutasun arriskua biderkatuko lirateke.

-Groenlandia: Planeta osoan dagoen ur gaziaren %6 Groenlandiako izotz geruzan dago. Tenperatura hiru gradu igoz gero, ur hori itsasoratzen hasiko litzateke, apurka. Bost gradu gehiago igoz gero, izotz guztia urtuko litzateke, eta horrek itsaso guztien maila zazpi metro igoko luke.

-tibeteko goi lautada: Egun izotz eta elurpean dago lurralde zabal hau, denbora gehienez. Eguzkiaren izpiak espaziora itzultzen dituen ispilu erraldoi gisa funtzionatzen du. Horrek Lurraren berotzea mugatzen du. Izotza eta elurra desagertzen badira, azpiko lurra berotzen hasiko da eguzkia. Ilunago izanik, berotasuna xurgatuko luke zoruak.

-Ipar atlantikoko korrontea: Golkoko Korrontearen adarra da eta munduko ozeanoetako ur lasterrik indartsuenetakoa. Europa berotzen du, 100.000 argindar zentralen pare. Atlantikoko iparraldeko urak hozten dituzte Kanadako haizeek. Hoztu ahala, lodiago eta gaziago bihurtzen da ura eta hondora jotzen du. Ekuadorrera egiten du ur horrek eta Mexikoko Golkoko ur beroa Europarantz bultzatzen du. Lurraren berotzeak euri gehiago ekarriko lioke Europa iparraldeari. Horrek bertako itsasoko ura gezago bihurtuko luke eta korrontea gelditu. Islandian, Eskozian eta Norvegian 10 gradu jaitsiko lirateke tenperaturak, eta itsasoak metro bat irabaziko luke altueran.

- 'el niño': Hondamendiak eragiten ditu fenomeno honek Asia aldean eta Hego Amerikan. Indonesia, Filipinak, Asia hego-ekialdean eta Australian lehorteak sortzen ditu. Hego Amerikako ipar mendebaldean uholdeak eragiten ditu, ordea. Egun bi eta zazpi urte arteko maiztasunez gertatzen da. Lurraren berotzeak sarriago gertatzea eragin dezake.

-Antartika mendebaldeko izotz plaka: Antartikako izotza aurki urtzeko beldurrik ez badago ere kilometro bateko lodiera du arrisku handia dakarte mendebaldean puskatzen ari diren izotz plakek. Duela bi urte Larsen B izotz puska erraldoia zatitu zen, eta jada masaren %60 galdu du. Antartikako mendebaldeko plaka osoa urtuko balitz, sei metro egingo luke gora itsasoaren mailak.

-siberiako metanoa: Eskualde erraldoi honen zorua izoztuta dago neguan zein udan permafrost deiturikoa. Lurrazpiko izotzean eta urazpiko sedimentuetan metano klatrato gas kopuru handia dago harrapaturik. Kalkuluen arabera, Lurraren gas natural erretserbak baino 20 aldiz handiagoa da Siberiako metanoa. Aireratzen bada, berotegi efektua areagotuko du gasak. Itsasoetan, pozoia bihurtuko litzateke espezie batzuentzat.

-Monzoiak: Indiako udaberriko bero handiaren eta itsasoaren freskotasunaren artean sortzen den kontrasteak haizeen norabidea aldatzen du uda partean eta monzoiak sortzen dira. Itsasoko haizeek Himalaiarekin talka egitean euriteak eragiten dituzte. Indiako nekazaritza eta herritarrak eurite sasoira moldatuta daude. Lurraren berotzeak monzoiak indar edo ahul ditzakete eta hondamendia eragin indiarren bizimoduan.

-Atlantikoko ipar poloaren inguruko korrontea: Ozeano Bareko, Atlantikoko eta Indiako ozeanoetako urak nahasten ditu. Zientzialari askoren arabera, munduko korronterik garrantzitsuena da. Itsasoetan elikagaiak barreiatzeko lanean ezinbestekoa da, bereziki itsasoaren hondoko planktona altxatzen. Lurraren berotzeak elikagaiok jasotzea eta barreiatzea eragoz dezake eta itsasoetako bizidun orori eragin

-gazitasun balbulak: Gazitasun maila ezberdina duten itsasoak elkartzen diren guneetan sorturiko korronteak dira. Lasterrok gatza, elikagaiak eta oxigenoa garraiatzen dituzte. Balbula garrantzitsuena Gibraltarko itsasartean dago. Mediterraneo itsasoan kalte handia eragin dezake korronte horren edozein aldaketak.

-

GLAZIARRAK URTZEN

 

Lakuak bat-batean husteko arriskua

Alpeetako zein Himalaiako hainbat glaziarretako lakuen inguruko larrialdi planak eratu dituzte, Lurraren berotzea dela-eta, gainezka egin eta mendian behera haranetan hondamendia eragin dezaketelakoan. Italia eta Frantziako mugaldeko Rochemelon glaziarrean hodi sistema bat eraikitzeko asmoa dute lakua poliki husteko. 2003ko udan 2,5 metro galdu zuten altueran Alpeetako glaziarrek.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.