Azkenean, betikoak

Altuna III.ak eta Ezkurdiak jokatuko dute lau eta erdiko finala. Hamar aldiz aritu dira: Amezketakoa seitan nagusitu da, eta Arbizukoa, lautan

Joseba Ezkurdia, pilota jotzear, Jokin Altuna begira duela, iazko lau eta erdiko finalerdietan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ezusteko bat baino gehiago egon da, baina, azkenean, txapela irabazteko faboritoetako bik jokatuko dute Lau eta Erdiko Txapelketako finala. Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia ariko dira elkarren aurka hilaren 20an, Bilbon, Bizkaia frontoian. Haiek irabazi dituzte azkeneko lau ekitaldiak: 2018koa eta 2019koa Ezkurdiak; eta azken bi urteetakoak, berriz, Altuna III.ak.

Nagusitasunez sailkatu dira biak: Ezkurdiak 22-14 irabazi zion Peio Etxeberriari larunbatean, Iruñean; eta Altuna III.ak 22-7 hartu zuen mendean Aitor Elordi igandean, Bilbon. Peio Etxeberriak eta Elordik, beraz, ez dute lortu ezustekoa ematea.

Final klasikoa da Altuna III.aren eta Ezkurdiaren artekoa. 11. aldiz ariko dira elkarren aurka lau eta erdian: seigarren aldia izango dute txapelketa nagusian; Nafarroakoan, berriz, bost aldiz jokatu dute elkarren kontra.

Amezketakoa (Gipuzkoa) da nagusi elkarren arteko neurketetan. Baina gutxigatik: sei aldiz gailendu da; Arbizukoa (Nafarroa), berriz, bostetan. Baina Ezkurdiak lortu ditu garaipen gehien txapelketa nagusian: bostetik hiru. Eta, horien artean, Altuna III.ari irabazitako bi finalak daude: 2018koa eta 2019koa. Beraz, oraingoan bezala, txapela jokoan egon denean, hark irabazi du. Azkenekoetan, berriz, Altuna III.arentzat izan da garaipena: iaz, txapelketa nagusiko eta Nafarroako txapelketako finalerdietan irabazi zion.

Altuna III.ak 11. finala du maila nagusian; zazpigarrena jarraian lau eta erdian. Ezkurdiak, berriz, seigarrena du; hirugarrena lau eta erdian. Bina txapel dituzte; beraz, irabazleak aurrea hartuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.