Topikoa ez: egia biribila

Elordi eta Peio Etxeberria lehen postuan sailkatu dira lau eta erdiko finalerdietarako. Laso-Ezkurdia eta Altuna-Dario lehiak, erabakigarriak

Altuna eta Peio Etxeberria, herenegun, partida amaieran. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Badago ohiko esaldi bat pilotarien artean: «Hemen, asko jokatzen dute denek; edozeinek har zaitzake ezustean». Horrenbeste diote, topiko kutsua dirudi. Ez du askorik laguntzen ere txapela irabazteko lehian aritu ohi direnen artean antzeko izenak egotea txapelketa bat joan eta beste bat etorri.

Baina aurtengo lau eta erdikoan topikotik ezer ez du esaldi horrek: egia biribila da. Ezustekoz ezusteko dabil txapelketa, batez ere final-laurdenetako ligaxka. Eta ustekabekoetan ustekabekoena da lehen bi jardunaldiak jokatuta, bi pilotari sailkatuta daudela finalerdiak jokatzeko, eta ez bata ez bestea ez dela txapela irabazteko faboritoa. Ez Jokin Altuna, ez Unai Laso, ezta Joseba Ezkurdia ere. Aitor Elordi eta Peio Etxeberria dira.

Biak era ikusgarrian sailkatu dira, ligaxkako lehen bi partidak irabazita: Elordi Ezkurdiari nagusitu zitzaion lehenbizi, eta Lasori gero; Peio Etxeberria, berriz, Dario Gomezi gailendu zitzaion aurrena, eta Altuna III.ari ondoren. Bikain aritu dira biak, eta lan horrek sari handia izan du: lehen postuan sailkatu dira. Mallabikoa (Bizkaia) lehen aldiz ariko da finalerdietan —bigarren aldia du maila nagusiko lau eta erdikoan—. Zenotzekoak (Nafarroa), berriz, bigarren aldia du erreskadan —laugarrenez ari da—.

Elordiren eta Peio Etxeberriaren lan ederrak kinka larrian jarri ditu beste aurkariak. Kanporaketa kutsuko partidak jokatuko dituzte guztiek azken jardunaldian, hurrengo asteburuan. Larunbatean, Laso eta Ezkurdia ariko dira Iruñean, Labriten. Irabazlea Peio Etxeberriaren aurka ariko da finalerdietan. Egun bat geroago jokatuko dute norgehiagoka erabakigarria Altuna III.ak eta Dariok, Tolosan (Gipuzkoa), Beotibarren. Irabazleak Elordi izango du aurkari finalerdietan. Bizkaitarra ostiralean ariko da, Zumarragan (Gipuzkoa), Belokin, Danel Elezkanoren kontra. Peio Etxeberriak, berriz, ez du jokatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.