Final handia jokoan

Zehaztuta gelditu dira asteburuan Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdiak. Hamabi urtean lehen aldiz Aspekoak dira lau pilotariak

Altuna III.a, herenegun, Darioren aurkako partidan, Tolosan, erremate bat egiteko unean. GORKA RUBIO / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Aitor Elordik, Peio Etxeberriak, Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak jokatuko dituzte Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdiak. Elordi eta Peio Etxeberria adorez beterik iritsiko dira, jokatu dituzten partida guztiak irabazi baitituzte. Bizkaitarrak Altuna III.a izango du aurkari, eta nafarrak, Ezkurdia.

Larunbatean jokatuko dute Peio Etxeberriak eta Ezkurdiak, Labriten. Lagunak dira biak, eta elkarrekin entrenatzen dira Barañainen (Nafarroa). Hala ere, ez zaie arraroa egingo elkarren aurka aritzea. Hiru aldiz jokatu dute distantzia motzean, eta hiru neurketak irabazi dizkio Ezkurdiak Peio Etxeberriari: bitan San Fermin torneoko Lau eta Erdiko Txapelketan, eta bestea iaz, txapelketa nagusian, hirugarren eta laugarren postuarengatik lehian.

Peio Etxeberriak Altuna eta Dario hartu ditu mendean finalerdietara iristeko. Ezkurdiak, ordea, gorabehera gehiago izan ditu. Elordiren aurka galdu zuen lehen partida, baina Elezkano II.ari eta Lasori irabazi ostean sailkatu da.

Igandean izango da Altuna III.a eta Elordiren txanda. Bizkaia pilotalekuan arituko dira nor baino nor gehiago, eta txapelketan elkarren aurka arituko diren bigarren aldia izango da. Iazko txapelketan aritu ziren lehen aldiz elkarren aurka, ligaxkako lehen partidan. Orduan Altuna III.ak 22-17 irabazi zuen Eibarren, eta txapela jantzi zuen gerora. Elordik jokatu dituen lau partidak irabazi ditu, eta amezketarra, berriz, garaipen eta porrot banarekin iritsi da.

Bestalde, hamabi urte egin behar dira atzera Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietan Aspeko lau ordezkari ikusteko. 2010ean gertatu zen azkenekoz, eta Abel Barriola, Sebastian Gonzalez, Juan Martinez de Irujo eta Titin III.a sailkatu ziren orduan. Ordutik, beti sailkatu du Baikoko pilotari bat behintzat finalerdietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.