Talde lana oinarri

Matthewsek irabazi du Italiako Giroko hirugarren etapa. Evenepoelek hiru segundoko gainsaria lortu du, eta Roglicek, berriz, bikoa

Michael Matthews atzo, helmugan garaipena ospatzen. LUCA ZENNARO / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Urteak aurrera joan arren, hasierako gose berarekin ekiten die Michael Matthewsek (Jayco) itzuli handiei. Italiako Giroan, Frantziako Tourrean eta Espainiako Vueltan etapak irabazi dituzten txirrindularien talde pribilegiatuan dago, baina atzo argi utzi zuen garaipen zerrenda luzatzeko asmoa daukala oraindik. Australiarrak irabazi zuen Italiako Giroko hirugarren etapa —lasterketa horretan lortu duen hirugarrena da—. Esprintean gailendu zen, ohikoa duen moduan. Mads Pedersen (Trek) eta Kaden Groves (Alpecin) izan zituen atzetik.

Alexander Konychevek eta Veljko Stojnicek (Corratec) etapa hasi eta berehala hartu zioten aurre tropelari, eta bi taldekideak elkarlanean aritu ziren eguneko ihesaldian. Bizpahiru minuturen aldea izan zuten gehienez, eta tropelak ez zien biderik egiten utzi. Egunaren bigarren erdian bi mendateri aurre egin behar izan zieten txirrindulariek:Valido Dei Laghi Di Monttichio (6,4 kilometro eta %6,3ko pendiza), eta Valicola Croce (2,6 kilometro %7,5ean). Helmugan Matthewsek eraman zituen loreak, baina, aurreko mendateetan, Jaycok lan bikaina egin zuen. Australiarraren taldekideak tropeletik tiraka aritu ziren azken kilometro horietan. Garaipena lortzeko aurkari indartsuenak lehia horretatik kanpo utzi nahi izan zituzten, eta, horregatik, abiadura bizian aritu ziren eguneko malda bakanetan. Pedersenek, adibidez, majo sufritu zuen aldapa horietan, eta, esprintean ondo lehiatu bazen ere, indarrak xahututa iritsi zen azken metroetara. Matthewsek berak abiatu zuen esprinta urrundik, eta, luze egin bazitzaion ere, inor ez zen haren ondora iritsi.

Sailkapen nagusiari erreparatuta, faborito guztiak elkarrekin iritsi ziren. Aurrez, tarteko esprintean lehian aritu ziren maglia arrosa irabazteko bi faborito nagusiak: Remco Evenepoel (Quick-Step) eta Primoz Roglic (Jumbo-Visma). Hiru eta bi segundo eskuratu zituzten, hurrenez hurren, eta, hortaz, 44 segundorena da orain bien arteko aldea sailkapenean. Gaurko etapan maldan gora eta behera arituko dira etengabe; igoera ikaragarririk gabe, baina atseden hartzeko astirik gabe. Cole Molellako aldapa pikoetan amaituko da etapa (4 kilometro eta %9ko pendiza), etaRoglicek, besteak beste, Evenepoelek daukan aldea murrizten hasi nahiko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.