Pilotazaleak, zorteko

Altuna III.ak eta Elordik buruz buruko finala jokatuko dute ekainaren 4an, Bilbon. Haien artekoa izan da txapelketako partidarik onena

Jokin Altuna eta Aitor Elordi, Astelenan jokatutako partidan. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Pilotazaleei galdetuz gero zein izan den aurtengo Lehen Mailako Buruz Buruko Txapelketako partidarik onena, gehien-gehienek erantzungo lukete Jokin Altunak eta Aitor Elordik apirilaren 30ean Astelenan jokatu zutena izan dela. Neurketa ikusgarria izan zen. Altuna III.ak 22-18 irabazi zuen, baina Elordik oso estu hartu zuen: 15-18 joan zen aurretik.

Zorteko daude pilotazaleak, norgehiagoka eder hark bigarren atala izango baitu ekainaren 4an, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Ordukoaren aldean, saria askoz handiagoa izango da, sekulakoa. Amezketarrak eta mallabitarrak finala jokatuko dute, eta irabazleak txapelik garrantzitsuena jantziko du: buruz burukoarena. Nekez egon zitekeen final hoberik: batetik, Altuna III.a, egungo izar nagusia; eta, bestetik, Elordi, azkenaldian jauzirik handiena egin duen pilotaria, luzaroan geratzeko etorritakoa.

Altuna III.ak laugarren finala du Lehen Mailako buruz burukoan; aurreko hiruretatik bi irabazi ditu, eta bat galdu. 2018an jokatu zuen lehena, eta 22-14 hartu zuen mendean Aimar Olaizola. Bi urte geroago, ordea, galdu egin zuen Erik Jakaren aurka: 22-20. 2021ean, berriz, arantza atera zuen, Beñat Rezustari nagusitasunez irabazita: 22-5. Bilbon aritu da beti, eta toki berean ariko da oraingoan ere.

Ekainaren 4koarekin, hamahirugarren finala du 2014ko ekainean profesionaletan debuta egin zuenetik: maila nagusian, zazpi final jokatu ditu lau eta erdian —hiru txapel—, hiru buruz buru—bi txapel— eta bat binaka —txapela irabazi zuen—; Promozio Mailan, berriz, txapeldunorde izan zen 2014ko lau eta erdian. Inork ez ditu horrenbeste final jokatu hain gazte: 27 urte egin zituen martxoaren 27an. Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo ditu atzetik: 27 urterekin, bi mailetako hamar final jokatu zituzten.

Lehen aldi ezin hobea

Altuna III.aren adin bera dauka Elordik, baina, haren aldean, askoz apalagoa da haren palmaresa; kopuruz ez, seigarren finala jokatuko baitu 2016aren hasieran debuta egin zuenetik. Bai, ordea, garrantziaz, sei final horietatik lau izan baitira Promozio Mailan; aurreneko laurak: 2019an, binakako txapeldun izan zen Oier Etxebarriarekin, eta txapeldunorde buruz buru; 2020an, berriz, lau eta erdiko txapeldun eta buruz buruko txapeldunorde izan zen. Lehen Mailan, bigarren finala jokatuko du bi hilabete eskasean; apirilean, binakako txapeldun izan zen Jose Javier Zabaletarekin.

Ekainaren 4an ariko da berriz ere txapel bat jokoan dela, eta hori eginda, Irujoren eta Iker Irribarriaren marka berdindu du: maila nagusiko buruz burukoa lehen aldiz jokatu duen aldian iritsi da finalera. Irujok eta Irribarriak irabazi egin zuten. Elordik ere hori egin nahi du. Altuna III.a da faboritoa, baina hura ezustean hartzen saiatuko da. Erakutsi du hori egiteko gai dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.