Osasuna. Sexologia

Hiesa, GIBa eta gu!

Abenduaren 1a hiesarekin eta GIB birusarekin bizi diren pertsonak eta euren senitarteak gogoan edukitzeko eguna bihurtu da.

2013ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Gaurkoan, oinarrizko informazioa ekartzea erabaki dut, eta informazio horren aitzakiarekin, harago joatea. Jakin badakigulako informazio berak ez duela askorik egingo.

Beharrezkoa da erakundeak, gaiari lotutako elkarteak, gizarte eragileak eta hainbat arlotako adituok —soziologia, hezkuntza, sexologia, medikuntza, erizaintza, psikologia…— elkarrekin lan egitea, gizarteak behar duena garatzeko. Bitartean, bakoitzak bere esparrutik eta bere txokotik ale txiki bat ipin dezagun.

Hiesa GIBak (Giza Immuno-eskasiaren Birusa) sorturiko infekzioa da. Gaixotasun horren ezaugarririk inportanteena da organismoak defentsarako berez duen sistema, hau da sistema immunologikoa, hondatzen dela. Birusak bereziki atakatzen ditu T4 linfozitoak; horiek dira gure sistema immunologikoaren zuzendariak. Behin birusa sartuta, zelularen kode genetikoan bere lepotik ugaltzen da. Momentu horretan pertsona hori GIBduna da (seropositiboa), baina oraindik ez du hiesarik pairatzen. Pertsona horrek zabaldu dezake, baina, GIBa besteen batzuen artean.

Birusa oso arin garatzen bada, T4 linfozitoak honda ditzake, eta orduan, sistemak, zuzendari barik, ez du inolako eraginkortasunik. Horren ondorioz agertzen diren infekzioak edota minbiziak ohiko tratamenduekin oso zaila dira sendatzen. Gorputza ahulen dagoenean eta defentsa gutxien duenean agertzen dira infekzio horiek, infekzio oportunistak deiturikoak, gaixotasunaren lesio handienak sorrarazteko.

Azken urteetan, erretrobirusaren kontrako tratamenduetan egindako aurrerapenak direla eta, lortu da birusaren erasoa geldiaraztea eta infekzioaren progresioa nabarmen atzeratu. GIBak eragindako infekzioren bat duten pertsonak gero eta urte gehiago bizi dira sintomarik gabe, edo sintoma oso apalekin. Baina tratamenduaren ondorioak, kasu askotan, oso latzak dira.

GIBak bizitzeko odolean sartu behar du. Horretarako, garraio bat behar du, eta ate bat sartzeko.

Zelan zabaltzen da?

Garraio onak biruserako : Odola, baginaren mukiak eta semena.

Sartzeko ateak: Sexu jokabide batzuk, tresna kutsatuak, transfusioak eta haurdunaldian fetuari transmititzea.

Gure odolean birusa badago, eta gure genitaletako mukiak eta beste batenak nahastuz gero. Genitaletan dauzkagun mukiak (baginan, zakilaren buruan...) oso hauskorrak dira, eta horien bidez, oso erraz pasatzen da birusa semenera edo baginaren beste mukietara, eta hortik odolera. Arriskua handiagoa da uzki-koitoa praktikatuz gero, uzkiko mukia askoz ere hauskorragoa delako. Lagunaren genitaletako mukiak ahoaren bidez pasatzen badira gure barrenera sartzeko arriskua dago.

Kutsatutako tresnak partekatzeagatik: gure odolean birusa badago eta nire odola beste baten odolarekin nahasten bada orratzak edota xiringen bidez.

Amak fetuari: amak birusa odolean badauka, haurdunaldian fetuari pasatuko dio. Egun badaude hainbat teknika ama GIBa edukita ere fetuak ez edukitzeko inolako eraginik.

Odol transfusioetan: Birusdun odola pertsona batek besteari pasatzea transfusioaren bidez. Gure herrian odola eta odoletatik datozen beste substantziak kontrolatuta daude.

Zelan ez da zabaltzen?:

Guk aurrerago aipatutako koitoak edo felazioak egiteko kondoia edo femidoia, etxean erabiltzen den film gardena cunnilingusa praktikatzeko edo uzkia miazkatzeko.

Gure imajinazioa, gure bost zentzuak (ikusmena, ukimena, dastamena, entzumena, usaimena) eta gure gorputzaren izkina guztiak nahastuta edozertarako prest gaude… ezer ere kutsatu gabe: musuak, laztanak, mihiaren ferekak, masturbazioak, gorputzen arteko igurtziak,lagunaren izkinak usaintzea…

Xiringak edota antzeko tresneria (piercing eta tatuajeak egiteko) erabili behar baditugu ,esterilizatu erabili baino lehen, edota bakoitzak eduki ditzala bereak.

Transfusioak gaur egun hemen kontrolatuta daude.

Gure eguneroko harremanetan ez da birusa kutsatzen. Guk birusa edukiz gero, inor ez da kutsatuko eguneroko bizitzan gurekin daudelako.

Askok jakin badakigu zer egin eta zelan egin, baina gure barneko lotsak eta beldurrak sarri blokeatzen gaituzte, eta juxtu kontrakoa egiten dugu. Ez da gazteen kontua soilik. Beharbada, arreta handiagoa eman beharko genioke barrenean gertatzen zaigunari.

Egun GIBa daukatenen artean %25ek ez dakite daukatenik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.