Nerea Arruti eta Julen Alberdi 'Txikia IV.a'

Bolada ona berretsi dute

Sasoi betean daude Nerea Arruti eta Julen Alberdi 'Txikia IV.a'. Asteburuan erakutsi dute hala dela, Sherpa Ai Aizkora Txapelketa irabazita. Lehen txapela dute biek.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
pettan uralde
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Nerea Arrutik (Urnieta, Gipuzkoa, 1990) eta Julen Alberdi Txikia IV.a-k (Azkoitia, Gipuzkoa, 1991) irabazi zuten herenegun Sherpa Ai Aizkolari Txapelketa Nagusia, Bilbon, Miribillako pabiloian. Arrutik usteak bete zituen finalean, txapela lortzeko faboritoa baitzen. Alberdik, ordea, ezustean irabazi zuen. Biak nagusitasunez gailendu ziren: Arrutik hamabi minutu eta hamasei segundo behar izan zituen lau enborrak mozteko. Alberdik, berriz, 42 minutu eta 39 segundoan ebaki zituen hamabi enborrak.

Arruti hasi eta buka nagusitu zen. Urnietarrak Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak eta Euskal Pentatloia irabazi zituen aurretik. Miribillan, berriz, berriro erakutsi zuen soberan duela ahalmena beste sari bat etxera eramateko. «Nerbioak alde batera utzi nituen, eta lasai ibili nintzen lehen enborretik; horrek segurtasunez eta indarrez jarraitzen utzi zidan. Aurrekoetan, aizkora gelditu egiten zitzaidan enbor barruan, eta oraingoan ez zitzaidan halakorik gertatu. Horrek ere asko lagundu zidan», azaldu du.

Alberdi, ordea, ez zen faboritoa, eta, ziur aski, hori aprobetxatu zuen bere buruari presio gutxiago sartzeko eta mahai gainean kolpea emateko. Bigarren kaletik abiatu zen, Eneko Otañoren ondoan; hura izan zen azkarrena 50 ontzako enborrarekin. Mikel Larrañaga zen faboritoa, baina azpeitiarra gaizki hasi zen, ikusleen harridurarako. «Azken egunetan nahiko urduri nengoen, baina ez nuen presio handirik, Larrañaga baitzen faboritoa. Denboraldi hasieratik ondo nentorren, baina Larrañagak eta Otañok ordu arteko txapelketetan aldea kentzen zidaten oinbikoetan, eta, txapelketa honetako zatirik handiena oinbikoetakoa zenez, beldurra nuen atzean geratzeko. Baina sasoiz ondo eutsi nion, eta, harrapatuko nindutela espero nuenean, beste tarte txiki bat ireki nuen. Hortik bukaera arte eroso aritu nintzen».

Arrutik palmares ederra osatu du denbora gutxian. Hala ere, hasiberria da aizkoran. «Beti saiatzen naiz presioa kanpoan uzten, baina oso zaila da hori burutik kentzea denek diotenean zu zarela faboritoa. Hala ere, lehen aldia nuen, eta ez dut urduritasun handia sentitu. Denboraldiaren inguruan, uste dut beti dagoela zerbait gehiago emateko. Gauzak ondo atera zaizkit, baina beti dago zer hobetua».

Alberdik, ordea, urte dezente daramatza aizkoran. Dioenez, «garai gozoan» dago. Hala ere, «gehiago» eman nahi du. «Inoiz baino hobeto ikusten dut neure burua. Inoiz baino kontzentratuago ari naiz, eta teknikoki ere gora egin dut. Ez dakit zenbat hobetu dezakedan, baina nik uste dut beti dagoela zer hobetua. Maila hauetan badirudi ez zarela gorenera iritsi, baina agian hurrengo urtean behera egiten duzu. Nik badut esperantza emaitza berdintsuak lortzeko eta errendimenduari eusteko; baita koska bat gorago egiteko ere».

Formatu aproposa

4.000 lagun egon ziren Miribillako harmailetan, giro ederrean. Horretan lagundu zuten Zea Maysen, Suneren eta Zetak-en kontzertuek. Arrutik begi onez ikusi du, eta gehiago egongo direlakoan dago: «Honek aizkora laguntzen badu, eta Euskal Herriko edo kanpoko jendea erakartzeko aukera ematen badu, niretzat bikain. Horrelako ekitaldiak ongi ateratzen ari dira azkenaldian; jendeak gustuko ditu».

Alberdi, berriz, harago doa. Zaleen «gosea» piztu behar dela nabarmendu du. «Gaur egungo kirola izateko, era guztietako jendea erakarri behar dugu. Eredu berri honekin ikusi da ikusle gehiago dauzkagula. Askotan, txapelketa bakarrik eginda, zale amorratuak besterik ez dira etortzen, eta ez zaie gosea pizten gainontzeko ikusleei. Tarteka horrelako ekitaldiak egitea oso lagungarria da gure kirolarentzat. Uste dut jendeak gogoko dituela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.