ATHLETIC 0 - 0 OSASUNA

Aukerak bai, golik ez

Berdindu egin dute Athleticek eta Osasunak San Mamesen jokatutako derbian. Athleticek ez zuen nagusitasuna golekin islatu

Athleticeko Yuri eta Vesga, eta Osasunako Torro atzo, San Mamesen jokatutako derbian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Aho zapore gazia eta gozoarekin jaso zuten atzoko berdinketa Athleticek eta Osasunak derbian. Gazia, Athleticek; lehen zatian nagusi izan ziren zuri-gorriak, eta zaleen aupada baliatuz gertu izan zuten gola. Gozoa, berriz, Osasunak; bigarren zatian lan handia egin zuen atzean Jagoba Arrasateren taldeak, eta parekatu egin zen partida. Gertuago izan zituen hiru puntuak Athleticek, baina ate aurrean asmatzen ez duenak jai izaten du futbolean.

Gola besterik falta izan zuen Athleticek lehen zatian. Osasunak ondo hasi zuen partida, baina lehen ordu laurdena pasa orduko Athletic erabat nagusitu zen jokoan. Vesga eta Zarragak ederki egin zuten euren lana presioan, eta baloia lapurtzerakoan zuzenean eraman zuten baloia aurrera. Joko zuzena da Ernesto Valverderen Athleticen ezaugarri nagusia erasoan, eta atzo ere arrisku handia sortu zuen atzelarien bizkarrean. Williams anaiak behin eta berriro ahalegindu ziren hegaletatik arearako bidea egiten, eta Aitor Fernandezek lanak izan zituen atea hutsean mantentzen.

Hala ere, lehen zatiko aukera garbi bakarra Guruzetak izan zuen. Errebote baten ostean area barruan jaso zuen baloia Donostiako aurrelariak, eta buelta-erdian egindako errematea Aitorrek atera zuen atepetik.

Bigarren zatia, ordea, parekatuagoa izan zen. Osasuna hobeto aritu zen zelai erdian, eta Athleticek ez zuen atzelarien bizkarrean lehen zatian aurkitu zuen zulorik aurkitu. Yeray Alvarez eta David Garcia erreferentziatzat hartuta, bi taldeetako atzelariak oso kontzentratuta aritu ziren, eta aurrelariek oso aukera gutxi izan zituzten bigarren zatian.

Nicok eta Manu Sanchezek izan zituzten bi taldeentzako aukera garbi bakarrak: Muniainen erdiraketa bat gaizki errematatu zuen Nicok, eta Manu Sanchezek behartuta egindako errematea Unai Simonek atera zuen.

Alaves eta Osasuna, Kopan

Alavesek eta Osasunak gaur jokatuko dute Espainiako Kopako final-zortzirenetako kanporaketa. Arabarrek Granadan (Espainia) jokatuko dute etxeko taldearen aurka (18:45, RTVE Play), eta nafarrek Bartzelona ahaltsua hartuko dute Sadarren (20:45, TDP).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.