Albistea entzun

Etenaldiak suspertu du

Behetik gora eginda irabazi dio Bidasoak Sporting Lisboari (30-27), eta urratsa egin du Europako Ligako final-laurdenetarako sailkatzeko
<b>Ander Ugarte, jaurtitzen, atzo, Artalekun jokatutako partidan.</b>
Ander Ugarte, jaurtitzen, atzo, Artalekun jokatutako partidan. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2023ko martxoak 22

Ederra izan zen Bidasoak eta Sportingek duela hiru urte Artalekun jokatu zuten Txapeldunen Ligako partida, eta ederra izan zen ere atzo bi talde horiek Europako Ligan jokatu zutena. Oraingoan, ordea, festa biribila izan zen, etxekoek irabazi baitzuten, hiru golen aldeaz: 30-27. Horri esker, aurrerapausoa eman dute final-laurdenetan aritzeko. Aurretik dira, baina ez dago ezer erabakita; astebete barru zehaztuko da dena, Lisboan.

Bidasoak gaizki ekin zion lehiari. Erasoan, kostata sartzen zituen golak. Sportingek, ordea, aise topatzen zituen zuloak etxekoen 5-1eko defentsan. Nagusi ziren bisitariak: 4-6. Ordurako jokalari bat baino gehiago joana zen lurrera, irrist eginda. Hezetasunak kalte egin zion zoruari, eta hori ikusita, epaileek partida eten zuten. Ia 25 minutuz egon zen etenda, hezetasunak behera egin arte.

Etenak mesede egin zien etxekoei. Gora egin zuten, batez ere, defentsan, 6-0aren alde eginda. Sportingek jada ez zituen horren aise sartzen golak. Defentsan hobetuta, erasoan hobetu zuten ere irundarrek. Horri esker, berdindu egin zen lehia, baita emaitza ere. Atsedenaldian, gol bakar baten aldea zuten bisitariek: 11-12.

Bigarren etenak,ordea, ez zuen ezer eten, eta Bidasoak oso serio jarraitu zuen. Lehen aldiz, aurretik jarri zen (12-11). Lan bikain horrek Artaleku hauspotu zuen, eta jokalarien eta zaleen arteko batasunak sekulako bultzada eman zion taldeari. Hala, pixkanaka, aldea handituz joan zen (19-14).

Baina jokalari oso onak ditu Sportingek, eta gutxi behar dute min egiteko. Hala, gol bakarrera jarri ziren. Baina etxekoek ondo eutsi zioten aldeari, garaipenari eta itxaropenari.

Bera Bera, Guardesen pistan

Bera Berak, berriz, gaur jokatuko du Espainiako Ligako lehia, Guardesen pistan (20:45). Donostiako taldeak irabazi egin nahi du, urte erdiren ostean galdu izanak utzitako aho zapore gazia gozatzeko.

Imanol Alvarezen taldeak adi ibili beharko du, Guardes behetik gora baitator: irabazi egin ditu azkeneko bost partidak. Gainera, beste inon baino arriskutsuagoa da etxean. Bera Berak nahikoa du berdintzea ligako lehen postua ziurtatzeko; gero, txapeldun izateko kanporaketak jokatuko ditu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Bizi nezakeen guztia bizi ostean noa; ezin dut gehiago eskatu»

Ainara Arratibel Gascon

Talde zuri-gorrian hamasei denboraldi egin eta gero, erretiroa hartzea erabaki du. 379 partida jokatu ditu, eta 162 gol sartu. «Bizitzan beste gauza batzuk egiteko ilusioa daukat orain», nabarmendu du. «Pozik, harro eta eskertuta» esan du agur.
Osasunako jokalariak Sadarren, Konferentzia ligarako sailkapena zaleen aurrean ospatzen. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Europara, txupinazo eta guzti

Beñat Mujika Telleria

Osasunak botako du txupinazoa sanferminetan, hamasei urteren ostean Europarako sailkatu dela eta
 ©BERRIA

Nafarroan bideak ixten ari dira

Ramon Olasagasti

Nafarroako Ingurumen Departamentuak zenbait eskalada eremutako ekipamenduak kentzeko eta bideak ixteko ebazpena atera du. Azken egunotan, gainera, beste eremu batzuetako bideak ere itxi ditu Madalenaitzen eta Meanon. Eskalatzaileak «oso kezkatuta eta haserre» daude.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.