Asmoa bera, premia ez

Reala eta Alaves Espainiako Kopako final-zortzirenetan ariko dira gaur. Gipuzkoarrek Mallorca hartuko dute, eta arabarrek, Sevilla

Anderson Arroyo Alavesekoa, Valladolideko jokalari batekin lehian, Kopako final-hamaseirenetan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Ligari Kopak hartuko dio lekukoa gaur, bihar eta etzi: fina-zortzirenak jokatuko dituzte. Lau euskal talde ariko dira: Reala, Alaves, Athletic eta Osasuna. Gipuzkoarrek eta arabarrek jokatuko dute lehenbizi, gaur. Etxean ariko dira: Realak Mallorca hartuko du Anoetan (19:00, Movistar Plus), eta Alavesek Sevilla Mendizorrotzan (21:00, Movistar Plus).

Helburu bera dute biek: final-laurdenetarako sailkatzea. Beharra eta erronka, ordea, oso bestelakoa da. Imanol Alguacilek entrenatutako taldea faboritoa da. Batetik, Mallorca baino koska bat gorago dago: hamahiru puntu daude bien artean ligan; bestetik, konfiantzaz gainezka dago, derbia nagusitasunez irabazi eta bolada ederrari eutsi eta gero: irabazi egin ditu azken zazpi partidak, lau ligan eta hiru kopan; eta, hori gutxi balitz bezala, etxekoen babesean ariko da. Dena du alde, baina ezin da deskuidatu, kostata irabazi baitzion ligan, Anoetan: 1-0.

Imanol ez da fio. «Mallorcak lanak zailtzen dizkie aurkariei; azken partidetako jokoari eta intentsitateari eutsi behar diegu. Derbia baino garrantzitsuagoa da. Finala da, eta galtzen badugu, kalera goaz». Derbia jokatzeko prest zeuden jokalariak ditu eskura.

Realaren aldean, behar apalagoa du Alavesek; Kopa ez du lehentasuna. Erronka ere zailagoa da, Lehen Mailako talde baten aurka jokatuko baitu. Arabarrek jada egin dute egin beharrekoa Kopan: bi talde apal (Lleida eta Merida) eta Lehen Mailako Valladolid kanporatu dituzte. Orain, amets egiteko unea da. Eta badute itxaropentsu egoteko arrazoirik: batetik, etxean ariko dira; eta, bestetik, Sevilla gaizki dabil, azken-bigarren baitago, jaitsiera postuetan. Galdu egin du azken partida, Gironaren aurka (2-1). Baina baita Alavesek ere, Oviedoren kontra (1-0).

«Indartsua da Sevilla, eta talde moduan egin beharko diogu aurre. Ez dugu presiorik;jokatzeko partida polita da», esan du Luis Garcia Plazak. Miguel de la Fuentek ez du jokatuko, min hartuta baitago. Antonio Blanco, ordea, aurreneko aldiz ariko da Alavesekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.