Nafarroakoa ez ezik, pilotarena ere izan nahi dute. Iruñea Pilotaren Nazioarteko Hiriburua proiektua aurkeztu zuten atzo Iruñeko Labrit frontoian. 2030erako Agendako Europako diru laguntzen bidez, pilota bultzatu nahi dute, eta hiria harekin «are gehiago» lotu. Proiektuak 80 ekintza baino gehiago aurreikusi ditu; tartean, Pilotaren Nazioarteko Etxea eraikitzea. Emakumeen parte hartzea sustatu nahi dute, pilota eskolak bultzatu, eta kirol hori ikastetxeetan sartu.
Iruñeko udalbatzako kideak, Nafarroako Kirolaren Institutukoak eta pilotako ordezkariak eta pilotariak egon ziren ekitaldian. Hala ere, aurkezpen orokorra izan zen, ez baitzuten jarduera jakinik azaldu. Bederatzi lan lerro izanen ditu proiektuak, eta pilota eskolak, formakuntza, modalitate guziak eta «egungo garairako egokitzea» sustatu nahi dituzte. Pilotaren Nazioarteko Etxea sortzea da asmoetako bat, pilotazaletasunaren «bilgunea». Interpretazio, formakuntza eta ikerketa zentro bat litzateke.
Pilota eskolak eta ikastetxeak begiz joak dituzte, «harrobia sustatzeko bide» direlako. Unitate didaktikoak eta eskolaz kanpoko jarduerak antolatzea dira horri lotutako jardueretako bi. Goi mailako formakuntzari lotutako jarduerak ere eginen dituzte, eta emakumezkoei «garrantzi berezia» eman nahi diete, baita ikusgaitasuna ere.
Pilota modalitate guziak bildu nahi dituzte, eta laxoa eta erremontea «berreskuratu» eta «bultzatu», besteak beste. Horretaz gainera, aldizkako nazioarteko biltzarrak antolatu nahi dituzte; Latinoamerikarekin eta pilotarekin lotura duten beste herrialde batzuekin lankidetzan aritu; pilotari buruzko ikerketa sustatu; pilotari buruzko bideojokoak sortu, eta hiriko frontoietan eguzki plakak paratu.
Zentro bat pilotarentzat
'Iruñea Pilotaren Nazioarteko Hiriburua' proiektua aurkeztu dute, pilota joko guziak bultzatzeko. Pilotaren Etxea eraikitzeko asmoa agertu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu