ERRUGBIA V. MUNDUKO KOPA

Errugbizaleak asetuta

DONOSTIA
2003ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Ingalaterrak luzaroan eginiko lanaren fruitua jaso zuen joan zen larunbatean, William Webb Ellis kopa irabazita, Australiaren kontrako finalean. Ingelesen jarduna oso eredugarria izan da. 1999tik jokatutako partidetatik, 41 irabazi egin ditu eta soilik bost galdu. Azken 23 partidak kontuan hartuta, berriz, 22 irabazi egin ditu eta soilik Frantziaren kontra galdu zuen, Test-partidan, Marsellan (abuztuak, 30). Orduan, halere, ordezko taldearekin jokatu zuen eta puntu batez galdu zuen (17-16). Era guztietako kritikak eta presioak jaso dituzte, baina inork ez du zalantzan jarri merezimenduz irabazi duela txapelketarik handiena. Zeelanda Berriaren aurka jokatzea espero zen finala, baina hura ere mendean hartzeko moduan zegoen.

-profesionaltasuna: Zortzi urte dira profesionaltasuna Europara heldu zela; hori, neurri desberdinetan gauzatu bada ere.Ingelesek buru-makur utzi zuten Paris orain dela lau urte, Hegoafrikaren aurka galduta, final-laurdentan (44-21). Harrezkero, harriz harri eraiki dute eraikuntza perfektoa. Hori bai, jardun zorrotza bezain sinplea eramanda; lan eta lan alegia. Woodward entrenatzaileak aipatu du ez dutela ez magiarik erabili, ezta metodo sekreturik ere, partidaz partida irabazi baizik, baina, jakina, diru asko erabilita. Ingalaterrako Liga Nagusian 12 taldek dihardute, eta aise aurki daiteke Frantzia, Gales, Eskozia, irlanda, Argentina eta Hego Hemisferioko jokalaririk.

-joko ikusgarria: Guztira 48 partida jokatu dituzte. 2.835 puntu egin dituzte eta 332 entsegu. Bataz beste, beraz, 59 puntu eta ia 7 entsegu partidako. Bestalde. Soilik partida bat amaitu dute ados eginda, hain justu finalekoa (14-14). Entsegu eta tanto askoko partidak izan dira. Australiak 142-0 irabazi zion Namibiari; emaitzarik handiena. Partida batean eginiko entsegu kopuruan ere marka ondu da: 22 Australiak. Entsegurik azkarrena, benetan azkarra izan zen: 18 segundotan egin zuen Australiako Elton Flatleyk Errumaniaren kontrako estreinakoan. Zeelanda Berriak 52 entsegu egin ditu, 7 partidatan. Beraz, ikusteko moduko Mundiala gertatu da.

-Hemisferioak parean: Sarri aipatu da hemisferioen arteko aldea handia zela. Amaituberria den txapelketan, ordea, hori alde batera utzi behar da. Hein handi batean, naziorik indartsuenen profesionaltasunak eragin du parekotasuna. Ikusi besterik ez dago Munduko Kopa hasi zenetik (1987) zeintzuk nagusitu diren. Aurrenekoan: 1. Zeelanda Berria, 2. Franmtzia, 3. Gales, 4. Australia. Bigarrengoan: 1. Australia, 2. Ingalaterra, 3. Z.B., 4. Eskozia. Hirugarrengoan: 1. Hegoafrika, 2. Z.B.Frantzia, 4. Ingalaterra. Laugarrengoan: 1. Australia, 2. Frantzia, 3. Hegoafrika, 4. Z.B. Azkenekoa, taulan ageri da.

-Ahulak, oraindik ahul: Lehen faseko azterketa egitean, goiburu horixe erabili genuen, eta oraindik errealitatea da. Halere, IRBko (Nazioarteko Federazioa) lehendakariak, Syd Millarrek adierazi du Mundiala arrakastatsua izan dela, inoizko onena. Millar irlandarrarentzat talde kopurua murrizteak handi eta txikien arteko aldea murrizten lagundu duela. Hemendik aitzin, alde hori ez handitzea dela helburua, eta ahaldela, murriztea. Bestetik, laguntza eman behar zaiela nazio txikiei, baina ez dirutan, partida gehiago jokatzeko aukera emanda, baizik.

-wilkinson onena: Jokalaririk ordainduena izateaz gain, munduko onena ere bada, hala erabaki baitzuen herenegun IRBk. Newcastle taldeko jokalariak 24 urte ditu eta 150.000 euro jasotzen ditu hilero, esponsorra eta publizitatea barne. 52 partida jokatu ditu selekzioarekin, eta 817 puntu egin ditu. Mundial honetan 8 drop gauzatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.