«Guardia zibilek uste dutena diotela. Ez dago besterik. Ez dago hori esateko frogarik. Eta epaitegiek ezin dute usteen arabera zigortu; frogak behar dituzte. Baina kasu honetan, ez daude». Hitz horiekin laburbildu zuen Jone Goirizelaia abokatuak Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarezen aurkako ahozko saioek eman dutena. Hortaz, absoluzioa beste epairik ezin dela eman ondorioztatu zuen. Ondorio berberera iritsi zen Iñigo Iruin abokatua ere, akusazioen oinarriak banan-banan aztertuta.
Anoetako proposamena aurkeztu zen ekitaldian «terrorismoa goratu» izana egotzita, kartzela zigor eskaerei eutsi zieten akusazioek epaiketaren azken saioan. Hamazortzina hileko kartzela zigor eskaerari fiskalak, eta bina urtekoari Ermuko Foroak. Baina ahulduta iritsi ziren eskaerak epaiketaren amaierara, akusazioei eusteko froga gabezia agerian geratu baitzen.
«Terrorismoa goratzea egozten zaie akusatuei, eta delitu mota horrek egiletza argia eskatzen du; ekintza terroristak goratzen dituzten hitz edo ekintza argiak beharrezko direla dio jurisprudentziak delitu hori leporatzeko», ohartarazi zuen Iruinek. «Ekintza bat debekatzen du delitu mota horrek, eta, beraz, ez da zerbait ez egiteak eragindako delitua».
Ekintza zehatzik ez
Otegi, Permach eta Alvarezi ez zaiela delitu izan daitekeen adierazpen edo ekintza zehatzik leporatu ohartarazi zuen abokatuak. ETAko kideen argazkiak biltzen dituen bideoa jarrita delitu egitekotan, argazkien bideoa akusatuek beraiek materialki jarri behar zutela ohartarazi du; delitu izan daitekeen ekintza zehatzean parte-hartze zuzena izan behar dutela akusatuek. Ez da hori Otegi, Permach eta Alvarezen kasua.
Haiek ekitaldiaren prestaketan ez zutela parte hartu agerian geratu dela dio. Eta inori ez zaiola bururatu ere egin bideoa haiek pertsonalki jarri zutela esaterik.
Edozein modutan, Iruin seguru dago hala izango balitz ere eta ekitaldiaren arlo teknikoa haiek prestatu izan balute ere ez luketela deliturik egingo.
Peritu gisa aritu ziren guardia zibilen hitzetan, 80 bat argazki erakutsi zituzten ikus-entzutekoan, eta hamalau identifikatu dituzte. «93 daude, nik denak ikusi ditut», esan zuen Iruinek. Gainera, ohartarazi zuen argazkietan agertzen direnak nortzuk diren jakiteak bertan behera botatzen dituela akusazioak. «Frankismo garaian indarrez hil zituztenak dira, 1973 eta 1975 bitartekoak. Azkenak, Frankismoak fusilatu zituen Txiki eta Otaegi», ohartarazi zuen.
Argazkietako pertsonak nortzuk ziren Euskal Herria eta Askatasuna entziklopediatik jakin dutela adierazi dute egunotan peritu gisa aritu diren guardia zibilek. Eta entziklopedia horretan «hildakoak» atalean jasotzen diren guztiak ETAkoak direla. Atzo goizeko saioan bertan esan zuten hori. Iruinek, aipatutako entziklopedia hori atera, eta bertan idatzirik zegoena irakurtzeko eskatu zuen. Euskaraz idatzita egonik, itzultzaileak irakurri eta itzuli zuen abokatuak eskatutako esaldia: «Erakunde abertzaleetako edo armatuetako militanteak, borrokan hildakoak». Hala zioen atalaren izenburuak. Eta «erakundeak» pluralean jasotzen duenez, adierazi zuen ez dela ari erakunde bakar batez, ETAz.
Iruinek akusazioei aurpegiratu zien ez dutela aztertu argazki horietan agertutako pertsonak nortzuk ziren eta ETAkoak zirela esateko agiri edo epairik ez dutela aurkeztu. «Hasieran, denak omen ziren ETAkoak, gero gehienak; eta zertan geratu da gauza? 93 horietatik zenbat ziren ETAkoak? Ez dakigu, baina esan dezakegu ez denak ez gehienak ez zirela ETAkoak», argitu zuen Iruinek, hainbat adibide jarrita.
«Duela 35 urte hil zituztenen memoria ekimen bat izan zen. Emotiboa agian izan zen, baina emozioek ez dute deliturik egiten» esanez lotu zuen gaia beste akusazio nagusiarekin. Hain zuzen, ETAren aldeko oihuak egin zirela da akusazioen beste oinarria. Baina, Goirizelaiak ohartarazi zuenez, Guardia Zibilak berak 2004an egindako txostenean jaso zuen «oso oihu bakanak» izan zirela; ez delitua egozteko adinakoak. 2008an, epaiketara begira egindako txostenean, berriz, oihu asko entzun zirela esan zuten guardia zibilek. Epaiketan ere aldatu egin zuten bertsioa, eta «oihu orokortua» izan zela adierazi dute. «Zer gertatu da urte hauetan?», galdetu zuen Goirizelaiak. «Zigorra bilatzen dela».
Gainera, ohartarazi du akusazioek epaimahaiari eskatu diotela «legez debekatuta dagoena» egiteko; «egilearen zuzenbidea» ezar dezaten eskatu dutela. «Haiei kasu egitekotan ez duzue justizia ezarriko», esan die epaimahaikideei, guztien absoluzioa eskatzeko.
Akusazioen helduleku bakarra bi guardia zibilen usteak direla agertu du defentsak
Goirizelaiaren hitzetan, akusazioen eskaerei kasu eginez gero, «legez debekatua dagoena» egingo du epaimahaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu