Altamira aurkituz geroztikoak

2014ko apirilaren 4a
12:42
Entzun

1868. Modesto Cubillas ehiztariak kobazuloko sarrera aurkitu zuen, arrakala batean harrapatutako bere zakurretako bat ateratzera zihoala.

1876. Cubillas ehiztaria maizter zuen Marcelino Sanz de Sautuolak. Paleontologiara zaletua, ez dago argi Sanz de Sautuola noiz joan zen lehen aldiz kobazulora. 1876. urtea aipatzen dute ikertzaile batzuek.

1879. Udan egin zuen kobazulora bisita Sanz de Sautuolak 8 urteko bere alaba Maria Faustinarekin. Aldameneko ganbera batera joan zen neskatoa, eta "begira aita, idiak!" esanez itzuli zen.

1880. Aurkikuntzari buruzko artikulu bat plazaratu zuen Sanz de Sautuolak, baina orduko paleontologo nagusiek, frantziarrek batez ere, ez zuten aintzat hartu, eta zalantzan jarri zuten pinturen egiazkotasuna.

1902. Paleolitoko artea zeukaten gero eta kobazulo gehiago agertuz joan zirenean, paleontologo frantziar haietako batek, Emile Cartilhacek, artikulu bat idatzi zuen L'Anthropologie aldizkarian; aitortu zuen huts egin zuela eta Altamirako pinturak egiaz Paleolito garaikoak zirela. Horrela jakin zen aurkikuntzaren berri mundu zabalean. Marcelino Sanz de Sautuolari ez zion balio izan, 1888an hil baitzen.

1910. Santillana del Marko Udalak kobazuloaren kontserbaziorako biltzar bat eratu zuen.

1917. Jada publikoari zabalik zegoen kobazuloa, gidariez lagundutako bisitekin.

1924. Espainiako Monumentu Historiko Artistiko izendatu zuen haitzuloa.

1940. Altamirako Patronatua eratu zen.

1973. Urtetik urtera, handituz joan zen leizearen bisitarien kopurua. 1973an, esaterako, 174.000 pertsona izan ziren haitzulo barruan.

1977. Leizea publikoari ixtea erabaki zen, haitzuloaren mikroklima eta pinturak kaltetuta zeudelako.

1982. Atzera publikoari zabaldu zen Altamira, baina bisitentzako muga batekin: 8.500 urteko.

1985. Unescok gizadiaren ondare izendatu zuen leizea.

2001. Altamirako Museoa eta erreplika zabaldu ziren, besteak beste, irtenbidea emateko leizea bisitatzeko hiru urteko itxaron zerrendari.

2002. Haitzuloa itxi egin zen publikoarentzat, zientzialariek zenbait pinturatan lizuna agertu zela ikusi zutenean.

2010. Altamirako Patronatuak kobazuloa zabalduko zela adierazi zuen, urte berean CSICeko ikertzaileak kontra agertu arren.

2011. Science aldizkarian CSICeko ikerlarien artikulu bat argitaratu zen: jendea haitzuloan sartzearen kontra idatzi zuten.

2012. Patronatuak beste talde bat osatu zuen nazioarteko adituekin, «kontserbazioa eta jendearen sarrera bateratzeko baldintzak» aztertzeko aginduarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.