Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Miren Azkarateri erantzun dio Castroren tortura salaketak "gezurra" badira, publiko egin ditzala polizia etxeko bideoak

2009ko martxoaren 10a
18:17
Entzun
Eusko Jaurlaritzako eledun Miren Azkaratek gaur esan du Ertzaintzak bete egin zuela tratu txarrak eragozteko protokoloa, Manex Castro atxilotu ondoren. Haren esanetan, Villabonan (Gipuzkoa) martxoaren 1ean atxilotutako gaztea polizia etxean egon den aldiko material grafikoa "epailearen esku" dago. Horri erantzunez, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eskatu dio "tortura salaketa gezurra" bada, "gaur bertan egin ditzala publiko [polizia etxeko] bideoak".

Azkaratek ziurtatu du Ertzaintzak "ezarri" egin duela Eusko Jaurlaritzak onartutako protokoloa. Castrok tortura salaketa jarri du Ertzaintzaren kontra, honen eskuetan inkomunikatuta egon den bost egunetan (kartzelara sartu aurretik) pairatutakoak, haren esanetan. Azkaratek, aldiz, gezurtzat jo du salaketa hori, eta ukatu egin du Ertzaintzak edo Barne Sailak eragozpenak jarri dituztela tortura eta tratu txarren salaketak ikertzeko.

AAMk gogor kritikatu du Azkarateren jarrera. "Tortura salaketak gezurrak baldin badira gaur bertan bideoak publiko egin ditzala eskatzen diogu. Epaileak baino ikusi ditzala herri osoak ea tortura salaketak egiak diren edo ez".

"Ezer ez badute ezkutatzeko ondoko galderak erantzun ditzala eskatuko genioke: Zergatik inkomunikazioak iraun duen bitartean atxilotuek ez dute aukerarik izan beraien konfiantzazko abokatuarekin egoteko? Zergatik ez zaie utzi beraien konfiantzazko medikuarekin egoten? Zergatik bost eguneko inkomunikazioa? Tratua hain egokia izan bada, nola uler daiteke Ertzaintzaren aurrean deklarazio polizial bat sinatzea eta epailearen aurrean dena ukatzea?", dio AAMk zabaldutako komunikatuak.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren iritziz, Miren Azkarateren deklarazioek "torturaren errealitatea elikatu baino ez" dute egiten.

"Berak aipatzen dituen bideo horiek agertzen ez badira bere dimisioa emateko konpromisoa har dezala eskatzen diogu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.