Andoaingo egoitzaren miaketa

2003ko abenduaren 2a
19:28
Entzun
Zehatz-mehatz ari da Del Olmo epailea 'Egunkaria'-ren agiriak miatzen

Ikerketa zerbitzuetako guardia zibilekin batera, Andoaingo erredakzioa eta bulegoak miatzen aritu zen goizetik gauera

IMANOL MURUA URIA - ANDOAIN

Egunkaria SAren fakturak eta agiriak banan-banan aztertzen aritu ziren Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea eta Guardia Zibileko ikerketa zerbitzuetako agenteak, atzo Egunkaria-ren egoitza nagusian egindako miaketa luzean, eta agiriz betetako kutxa handi ugari eraman zituzten ikertzeko. Andoaingo egoitzaren miaketa atzo bukatu zutenez, gaur goizeko 09:30ean Iruñeko ordezkaritza miatzen hasiko dira, eta, ondoren, Gasteizkoa eta Bilbokoa arakatzera joango dira.

Goizeko zortzietan hasi ziren Andoaingo erredakzioa eta bulegoak arakatzen, eguerdian bi ordu eta erdiko etenaldia egin zuten, eta gaueko zortzietan amaitu zuten. Bitarte horretan, Martin Ugalde Kultur Parkeko sarrera eta inguruak zaintzen egon ziren egun osoan uniformez jantzitako guardia zibil ugari, eta haien kontrola pasatu behar izan zuten Kultur Parkeko enpresa eta elkarteetako langile guztiek. Juan del Olmo epaileak joan den ostiralean plazaratutako autoan jakinarazi zuen Egunkariaren egoitzak berriro miatuko zituztela, lehendik irekita dituen ekinbideen barruan. Autoan azaldu zuenez, egoitzei zigilua kendu edo ez erabaki ahal izateko egiten ari dira miaketak: egoitzak irekitzea erabakiz gero barruan dauden ondasunen edota dokumentuen kontrola galduko duela argudiatuta, ikerketarako baliagarria izan daitekeen guztia eramateko agindua eman zuen Del Olmok.Epaileak atzo Egunkaria-ko abokatuei adierazi zienez, Egunkaria-ren itxierari buruzko bigarren sumarioarekin lotuta daude atzo hasitako miaketak; ustezko delitu ekonomikoei buruzkoarekin, alegia.

Batzorde judizial jendetsuarekin etorri zen Del Olmo Andoainera. Auzitegi Nazionaleko epailearekin batera, ikerketa zerbitzuko hogeitik gora guardia zibil ®¢kaleko jantzita eta aurpegia estalita guztiak, hiru idazkari judizial, Auzitegi Nazionalak izendatutako administratzaile judiziala eta Egunkaria SAren eta Egunkaria Sortzen SLren lege ordezkariak Enekoitz Etxeberria, Jose Mari Elosua eta Iñigo Iruin izan ziren lanen lekuko.

Miaketa zorrotza

Miaketaren lehenengo ordu eta erdian, egoitza barruan zeuden ordenagailuen, mahaien, aulkien, telebista aparailuen, fotokopiagailuen eta bestelako tresneriaren eta altzarien zerrenda egin zuten. Izan ere, miaketa egiteaz gain, ondasun guztien inbentarioa egiteko ere agindu zuen epaileak joan den ostiraleko autoan, administratzaile judizialak balorazioa egin dezan.

Ondoren, batzorde judiziala hiru taldetan banatu zen, aldi berean bulego ezberdinak miatu ahal izateko. Hiru abokatuak talde banatan aritu ziren, lekuko gisa.Bereziki zorrotzak izan ziren administrazioko bulegoen miaketak. Fakturaz faktura eta agiriz agiri aztertu zituzten hainbat bulego, eta arreta berezia jarri zioten Egunkaria-ren aurkako bigarren operazioan urrian atxilotutako hainbaten mahaiei. Urrian inputatutako biren ordenagailuak ere eraman zituzten.Erredakzioan, artxiboak arakatu zituzten bereziki, eta kazetariek urteetan osatutako txosten ugari aztertu eta eraman zituzten kutxetan, gai politikoei buruzkoak asko. Besteak beste, tortura auziei buruzko txostenak, Auzitegi Nazionalak eta beste hainbat epaitegik emandako auto eta epaien karpetak, eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluari buruzko informazioa eraman zituzten. Egunkaria-ren Estilo Liburuaren bila ere aritu ziren propio, eta hiru edizioetako 1992koa, 1995ekoa eta 2001ekoa ale bana eraman zuten.

Agiriak, oro har, ez zituzten itsu-itsuan eraman. Guztiak aztertu zituzten banan-banan, ikerketarako kutxetan zein sartu eta bertan zein utzi erabakitzeko.

Hiru miaketa Kultur Parkean

Otsaila: Egunkaria-ren egoitza guztiak miatu zituzten otsailaren 20an, eta zigilatu.

Urria: Atxilotuetako batzuk Martin Ugalde Parkean zituzten lantokiak miatu zituzten, urriaren 16an. Egunkaria-ren egoitza itxian ez ziren sartu.

 

Abendua: Otsailean itxitako egoitzan sartu dira, orduan arakatutako bulegoak berriro miatzeko. Martin Ugalde Parkeko beste egoitzetara ez dira sartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.