Aralarreko parlamentari Mikel Basabek esan du Gorenaren erabakia politikoa izan dela, eta hurrengo erabakia "politikoa izateaz gain, demokratikoa" izan dadila ere eskatu du. "Hurrengo hauteskundeetan hitz egin beharko ez genukeen gauza batetaz hitz egiten ariko gara, Sortuk legeztatuta egon beharko lukeelako", gaineratu du.
Sorturen helegitearen ondoren erabakia Auzitegi Konstituzionalarena izango da. Serafin Llamas Ezker Batuko bozeramaileak lehenbailehen deliberatzeko eskatu dio auzitegi horri, apirilaren 18an hautagaitzak izendatu baino lehen. Bestela "bidegabekeria politikoa eta demokratikoa" egingo litzatekeela gaineratu du. "Nor arduraduko da epea baino lehen erabakia hartzen ez bada? Norena izango da erantzukizuna?".
Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren hitzetan ere denbora da arazoa. Sorturen erregistroaren gainean Auzitegi Gorenak erabaki politikoa hartu duela esan du, eta zazpi epailek eman duten boto partikularrak iritzi hori indartzen duela. Urizarren hitzetan oso zaila izango da boto partikular horiek egonik, Konstituzionalak zaila izango duela Sortu ez legeztatzea. "Hori baino gehiago epeak dira arazo. Bidea garbi dago, eta denbora ere kudeatzen ari direla uste dugu".
Oscar Rodriguez PSEko parlamentariak, berriz, EAJ eta PPri eskatu die Konstituzionalaren erabakia edozein delarik ere aldez aurretik errespetatu egingo dutela esateko. Rodriguezen iritziz Gorenaren epaia bidezkoa izan da.