Patxi Zabaleta eta Dani Maezturen hitzaldia:
Aralarrek oso modu positiboan baloratzen du ETA erakundeak Nazioarteko Bake Konferentziako deiari erantzun izana. Era berean, azpimarratzekoa da ETAk aldebakarrekotasunez erantzun izana deiari, eta bereziki poztekoa da euskal herritarron eskaera entzun eta erantzun izana.
Aralarrek adierazten du atzoko egunak Euskal Herriko historiaren etapa bat itxi zuela, eta irabazle eta galtzalerik gabeko bake iraunkorra eraikitzeko etapari atea ireki zitzaiola, elkarrizketari bide emanez. Ondorioz, euskal eragile politiko, sindikal eta sozialen, hots, herriaren esku utziaz gatazkaren konponbiderako giltza.
Zehaztekoa da indar politiko guztiak sinistatu eta aintzat hartu dutela ETAren erabakia; batzuentzat nahikoa iruditu arren eta beste batzuei ez hainakoa iruditu arren. Baina horrek adierazten du garai berri baten gaudela. ETAren komunikatua zehazki bat dator Gernikako Akordioaren lehen puntuarekin eta Bake Konferentziako ondorioekin.
Aralarren ustez, Euskal Herriko momentu historiko batean aurkitzen gara; giza eskubideen errespetuaren eszenatokia parez pare irekitzear dagoen momentua. Horregatik, gaurko egunean ere ezin gara ahaztu biktimetaz. Biktima guztietaz, edozein delarik ideologia, edozein delarik biktima izatera eraman dituen indarkeria. Hemendik aurrera, guztion ardura eta zeregina da biktima guztien aitortza, erreparazioa eta begirune osoa agertzea.
Presoetaz ere ezin gara ahaztu; gatazkaren ondorio izan diren presoetaz eta berauen senitartekoetaz. Presoen eskubideak ere bete egin behar direlako zuzenbidezko estatu demokratiko batean.
Aralarrek eskatzen die Espainiako eta Frantziako estatuei inplika daitezela bakearen eraikuntzan eta, beraz, Bake Konferentziako deia aintzat hartuz, ETAren elkarrizketako deiari baiezkoa eman diezaiola, elkarrizketari bide emateko, soilik gatazka armatuaren ondorioetaz aritzeko.
Era berean, dei egiten diegu Lopez jaunari eta Barcina andereari, herritarrak behin eta berriz eskatu duten bake nahiari behar bezala erantzun diezaioten, eta buru belarri inplika daitezen gobernu-buruen lehentasuna den bakearen eraikuntzan.
Baina bereziki, gaur aldarrikatu nahi duguna da herritarrak, gizartea, dela protagonista. Gizartean egin behar dela, herritarrekin batera, justizian eta askatasunean oinarritutako bake iraunkorra. Elkarrizketaren, hitzaren bidez. Akordioari bidea emanez, berdintasunean, hizkuntza militarrak, irabazle eta galtzaile terminoak albo batera utziaz. Bakea inorena ez delako, bakea guztiona delako, elkarbizitzari, begiruneari ateak irekiz.
2011ko urriak 21