ETA erakundeak atzo publiko egindako agiriaren aurrean, Aralarrek honakoa azpimarratu nahi du:
1. Albiste positiboa da, eta garrantzirik kendu behar ez zaion urrats bat da. Aralarren irudiko, adierazgarria da ETAk ekintza eraso armaturik ez egiteko hartutako konpromisoa.
2. Urrats honek beste batzuk eskatzen ditu, ETA berarengadik, baina baita Espainiako Gobernuarengandik ere. Urrats horietan sakontzeko konpromisoa eskatzen diegu alde guztiei, Euskal Herriko gizarteak aldarrikatu eta eskatzen duen bakean eta normalizazio politikoan sakontzeko, eta behin betirakoak izan daitezen.
3. Bakea lortzeko aukera hurbilago dago, eta ez dezagun aukera hau galtzen utzi. Guztiok egin behar dugu ahalegina egoera hau sendotzeko, finkatzeko eta behin-betiko bihurtzeko. ETAren agiri hau nahikoa den edo ez eztabaidatzen denborarik galdu gabe, izan dadila komunikatu hau bake bidean jarriko gaituen akuilua. Egoerak eta uneak eskatzen duten ardura eta maila politikoa eskatzen diegu eragile guztiei, bereziki ardura gehien dutenei, bortizkeriak eragindako kalte guztiak aitortzeko eta konpontzeko, eta elkarrizketaren bidetik akordio politikoa bideratzeko. Aralar, printzipioetan tinko, baina jokabideetan eskuzabala izango da helburu hauen lorpenerako bidean.
4. Argi eta garbi hitz egiteko garaia da. Anbiguetateak utzi, irakurketa bikoitzak saihestu, eta gizarteari argiki hitz egiteko ordua iritsi da. ETAk argi adierazi behar du hartu duen erabakia behin betikoa dela, atzera bueltarik ez duena. Alde bakarreko, behin betiko eta ordainik gabeko etena iragarri behar du ETAk. Espainiako Gobernuak ere argi utzi behar du bide politiko eta demokratikoen bidetik ideia guztiak direla defendagarri eta urratsak emateko prest dagoela, giza eskubideetan sakonduz, eskubide zibil eta politikoak berrezarriz, alderdien legea bertan behera utziz, eta elkarrizketaren bidetik bakea eta normalizazio politikoari heltzeko. Euskal Herriak eskertu egin behar die nazioarteko bitartekariei egindako lana. Une honetan, Mitchell senatariaren printzipioek inoiz baino gaurkotasun handiagoa dute: gatazka konpontzeko bide baketsu eta demokratikoen esklusibitatea; desarmea; indarkeriaren kontrako jarrera; alderdien arteko bazterketarik gabeko negoziazioa; eta heriotzak eta zigorrak geldiaraztea. Euskal Herriko gizarteari izan duen jarrera aitortu eta eskertu eta printzipio horiek zehatz-mehatz bete daitezen lan egiten jarraitzeko eskatu nahi dio Aralarrek.
5. Aralar poztu egiten da agiri honekin mehatxu eta jazarpen batzuk baztertzen direlako, baina oraindik giza eskubideen alorrean bestelako gabeziak ere badaudela gogorarazi beharrean gara. Giza eskubide guztien aitortzak eta errespetuak inoiz baino gaurkotasun handiagoa dute.
6. Agirian ETAk Espainiako Gobernuari negoziatzeko egiten dion deiaren aurrean, Aralarrek argitu nahi du Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzea soilik euskal gizarteari dagokiola, eta horien ordezkari garen eragile sozial politikoen esku egon behar duela negoziazioak.
2010eko irailaren 6an, Aralarreko Hegoaldeko zuzendaritza
Aralarren agiria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu