«Arestiren poesia bizirik dago»

2008ko urriaren 14a
10:23
Entzun
Bere garaiko poetengan ez ezik, ondorengo belaunaldikoen lanean ere eragin handia izan du eta izaten jarraitzen du Gabriel Arestik. Luis Mari Mujika (Lizartza, Gipuzkoa, 1939), Amaia Iturbide (Bilbo, 1961), Kirmen Uribe (Ondarroa, Bizkaia, 1970) eta Beñat Sarasola (Donostia, 1984) poeten lekukotasunek hala erakusten dute.

GALDERAK:

1Noiz eta nola ezagutu zenuen Aresti? / Noiz eta nola izan zenuen lehenengoz Arestiren berri?

2Zer eragin izan du (eta du) Arestik egungo euskal literaturan eta euskal kulturan?

3Zer eragin izan du (eta du) zure obran?

Luis Mari Mujika

"POESIA SOZIALA ZEGOEN MODAN, ETA ARESTIK EUSKAL BARATZERA EKARRI ZUEN"

1. Euskaltzaindiaren bidez ezagutu nuen nik Aresti, ni nire hiztegia egiten ari nintzen garaian. Abertzale txukunegiak eskandalizatzea gustatzen zitzaion, eta ia edozer gauza onartzen zuen, baita benetako erdarakadak ere. Eztabaida handiak izan zituen, batez ere h-a erabiltzen zuelako. Hain zegoen apal eta hankamotz euskal kultura, h-a erabiltzen zuena komunistatzat jotzen zen. Erlijioak hainbesteko indarra zuen garaian, oso eskandalagarria zen Arestiren jarrera, eta oso estu hartu zuten.

2. Eragin nabarmena utzi du. Hasieran poesia kultu eta landua egin zuen, Lizardiren bidetik; gero herri bidetik poesia sozialera pasatu zen. Poesia soziala zegoen modan orduan -Gabriel Celaya eta beste- eta Arestik euskal baratzera ekarri zuen poesia soziala. Nik uste dut, euskara zegoen egoeran egonik, Arestiren poesia soziala ona izan zela euskararentzat, baina gero balio literarioen erabateko laxismoan erori zela.

3. Nire hiztegian ez nituen onartu berak esaten zituen boutade-ak. Ildo ezberdinak izan genituen linguistikan. Poesian bai, une jakin batean hartu nuen poesia sozialaren bidea, baina gero utzi egin nuen berriro.

Amaia Iturbide

"HERRITIK HIRIRAKO ZUBIGINTZAN ALBOAN SENTITU IZNA DUT ARESTI"

1. Nire familiak taberna-jantoki bat zeukan, Aralar zeritzona, Matxin kalean, Gabriel Aresti bizi zen Irala auzoaren ondoan. Gaztea nintzelarik (hamabi edota hamahiru urte), ohartu nintzen tabernako jende xeheak noizbehinka Aresti aipatzen zuela, polemika tartean zelarik, baina beti begirunez. Geroxeago, Iralako frantziskotarren komentuan euskaraz alfabetatzeko ikastaroak hartu nituen eta hango fraideek ere Aresti ahotan zeukaten, gainera ikastaro batean Arestiren alaba batekin egin nuen topo eta berak aitari buruz hitz egiten zigun.

2. Duela gutxi entzun izan dut Arestiren poesia bakar-bakarrik testuinguru batean irakurri edo ulertu behar dela, bere esanak gaur egun barregarriak gertatu ahal direla. Ni ez nago ados horrekin. Barregarria, anakronikoa edo dena delakoa Euskal Herri hau izan daiteke, Aresti ez, gauzak tentu handiz esaten baitzituen eta bere egia gordinek eta iritzi zorrotzek gaurkorako ere balio baitute. Euskal literaturari eta kulturari begira, bideok proposatu zituen: ironiaren eta modernitatearen aldarrikapena eta munduan egon beharra.

3. Eskaileraren bi aldeetan (1986) nire lehenengo poema liburuak Gabriel Arestiren Maldan behera-ren aipu bat dakar. Gelak eta zelaiak (1994) poema liburuan poema bat eskaintzen diot, baina, batez ere, Lore mutuak eta tuaren ezkontzak (2006) poema liburuan agertzen da. Herritik hirirako zubigintzan alboan sentitu izan dut Aresti, eta Blas de Oterorekin batera poesian errealitateek daukaten esangura gogorarazi dit.

Kirmen Uribe

"'BESTEAK ADINA BAGARA' ESAN ZUEN UNE ZAIL BATEAN"

1. Etxean, txikitan, Oskorriren kantuen letren bidez. Oskorriren Gabriel Aresti diskoa jartzeko ohitura zuten etxean. Helduxeago nintzela, Harri eta herri-ren ale bat zegoen etxean. Aresti pertsonaia bera ere ezaguna nuen etxean, gurasoen eta izeben bitartez.

2. Bere ikuspegia da geratu dena. Kalitatea eman nahi zian zion euskal literaturari. «Besteak adina bagara», esan zuen une zail batean, konplexurik gabe. Bai bera eta bai bere poesia ezagunak egin ziren, eta ez bakarrik Euskal Herrian. Hori lortu zuen lehen euskal idazlea izan zen. Kanpoko jendearekin loturak egiten jakin zuen, ikuspegia zabaltzen.

3. Nire lanean eragin handia du, bi alderditatik batez ere: batetik, nik oso gustuko dut Aresti argi hori, nola idazten dituen poemak hain argi; bestetik, nola jaso duen herri hizkeratik umore puntua. Arestiren hitz egiteko modua gustatzen zait, euskara hain fin josten jakitea. Bere buruari buruz eta familiari buruz hitz egiten duten poemak zoragarriak dira. Arestiren poesia oso bizirik dago. Badu alde profetiko bat, Nire aitaren etxea-rena eta abar; horrek ez du hainbeste eragin izan niregan.

Beñat Sarasola

ARESTIREKIN TOPATU NUEN ESAN NAHI NUENA ESATEKO HIZKUNTZA ZUZEN ETA LOTSAGABEA"

1. Ikastolan egin nuen topo lehenengoz Arestirekin. Euskarako klasean eman genuen. Gogoan dut Jon Miranderekin batera ematen genuela, eta batzuetan nahastu egiten genuela bata bestearekin. Hala, Arestik frantseskada gehiegi erabiltzen zituela esan genezakeen, edo Jim Morrisoni letter bat bidali ziola. Aresti eta bere obraren benetako kontzientzia, berriz, idazten hasi eta berehala hartu nuen, oker ez banago telebistan ikusitako berari buruzko erreportaje baten ondotik. Oroitzen naiz Harri eta Herri Durangoko Azokan erosi nuela eta Lutxo Egiak saldu zidala.

2. Zaila egiten zait eragin hori neurtzen, baina oro har, inpresioa dut euskal poesiagintza beste norabide batzuetatik joan dela. Hala ere, benetan faltan sumatzen dudana egun zera da: Arestiren posizionamendu politiko konprometitu, kritiko eta independentea duen idazle eta kultur jendea. Eta posizionamendu politikoaz hitz egiten dudanean alderdien borrokatik haratago doan politikaz mintzo naiz, esan gabe doa.

3. Idazten hasi nintzenean asko arduratzen ninduen euskara zuzen eta ederrean idazteak, eta beti zalantza ugari izaten nituen idazten nuenaren gainean. Orain esango nuke halako preziosismo antzu batean erortzen nintzela. Arestirekin topatu nuen nik esan nahi nuena esateko behar nuen hizkuntza zuzen eta lotsagabea, eta ordutik, segurtasun handiagoz idazten dudala iruditzen zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.