Istripua izan duten 17 langileetako bat da Pozo, eta azaldu du enpresari askotan eskatu diotela gehiago inbertitzeko bai mantentze lanetan bai prebentzio neurrietan
Iban Ocio
Barakaldo
«Bizirik gaude». Istripua izugarria izan dela eta, zorionez, denak onik irten direla nabarmendu du Pacho Pozok. Tubacexen dabil beharrean 1978tik eta bart goizaldean istripua sufritu duten 17 langileetako bat da. Basurtoko eta Galdakaoko ospitalera eraman zituzten langileei senda agiria eman zieten atzo arratsaldean bertan. Gurutzetara eraman zituztenak laurak oraindik zaintzapean daude. Gaur goizean itzuliko omen dira etxera, Pozok berak uste duenez. Ospitaleko Eboluzio Gelan senideez inguratuta zegoela jardun zuen istripuaren nondik norakoez.
Zelan zaude?
Ondo esan beharko. Istripu ikaragarria izan da, baina zorte handia eduki dugu eta onik atera gara guztiak. Hamazazpiak.
Zer gertatu da, zehazki?
Irauli egin dela urtutako altzairua garraiatzeko koilara erraldoia. Goizaldeko 2:30ak edo ziren. Labea dagoen pabiloian genbiltzan 17 beharginok, betiko legez, eta ohartu gara koilararen euskarrietako bat txarto jarrita zegoela. Saiatu gara arazoa konpontzen. Bat-batean, ordea, euskarriak eman egin du, eta lurrera jausi da koilaran zegoen galdaren erdia edo: 30 tona altzairu likido, gutxi gora-behera.
Eta orduan, eztanda.
Horixe. Urtutako altzairua 1.600 gradutan dago, eta leherketa ikaragarria eragin du lurreko hezetasuna ukitu eta berehala. Eskerrak gaueko txanda zela eta 17 behargin bakarrik geundela. Zaurituak askoz gehiago ginatekeen istripua gaueko ordu txikietan gertatu izan ez balitz. Jende asko dabil bai goizez bai arratsaldez.
Eztandaren ostekoez gogoratzen?
Tenperatura erruz igo da eta bazterretan pilatutako metal hautsez bete da dena. Ia ezinezko zen arnastea. Oxigenoa hartzen saiatu eta eztarria harea moduko batez betetzen zitzaigun. Aldian-aldian garbitzen dugu pabiloia xurgagailu berezi batzuekin, baina hautsa pilatu egiten da, gura ala gura ez, eta horrek eragin digu osasun arazo gehien. Nola edo hala irten gara kalera: argindarra joan egin da eta larrialdi argiak ere apurtu ditu eztandak. Ilunpetan ibili gara, isil-isilik, ezin baikenuen ezta oihukatu ere, metal hautsa barreneraino sartzen zitzaigulako.
Behin kalera atera zaretenean, kontaketa egingo zenuten.
Bai, ardiak bagina bezala. Laster batean heldu dira suhiltzaileak eta erizainak. Lantegian badago ospitale moduko bat, eta istripuaren unean ere medikua zegoen bertan, baina gehiegi ginen eta kanpoan artatu gaituzte, anbulantzietan. Arnasketa arazoak geneuzkan gehienok. Erredura arinak ere bai gutako zenbaitzuek.
Senideek susto ederra hartuko zuten.
Goizeko 6:30ean edo deitu diet nik, behin Gurutzetan artatu nautenean. Txanda ordu horretan bukatu behar nuen, gainera. Senideek badakite lan gogorra eta arriskutsua dela, baina inork ez zuen espero horrelako zerbait gertatzea.
Inoiz jasan duzu antzeko istripurik?
Ez, sekula ere ez. Istripu samurragoak bai, ordea, eta etengabe salaketak egiten gabiltza lan baldintzen inguruan. Beti dago zer hobetu, zer txukundu. Askotan kexatu gara ondo konpondu ez dituzten matxuren gainean, adibidez. Egunez egun gero eta altzairu gehiago ekoiztea da ugazaben asmoa, eta asmo horren araberakoa da lan sistema osoa. Hilabete egon da ekoizpena geldirik, oporrengatik, eta makinak gainbegiratu dituzte. Ez behar bezala, antza.
Istripua saihes zitekeela uste duzu?
Prebentzio neurri gehiago har zitezkeela eta mantentze neurri zorrotzagoak ezar zitezkeela uste dut. Altzairutegietan ohikoak dira horrelako istripuak. Duela hiruzpalau urte antzeko istripua geratu zen Amurrioko beste altzairutegi txiki batean, eta langile bat hil zen. Gu, zorionez, onik irten gara. Eskerrak. Hemendik aurrera zer edo zertan sinetsi behar badut, berriro jaio garela sinetsiko dut. Askoz okerragoa izan zitekeen istripua, zalantza barik.
Elkarrizketa/Pacho Pozo, istripua izan duen 17 langileetako bat
«Arnasa hartzen saiatu eta metal hautsa bakarrik sartzen zitzaidan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu