Atxiloketak

Atentatuaren egileei lehergailuak eman zizkiela onartu du atzo atxilotutako batek

2004ko martxoaren 19a
13:27
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Poliziak atzo eguerdian Oviedon (Asturias, Espainia) atxilotutako espainiarrak onartu du otsailaren bukaeran eman zizkiela lehergailuak atentatu egileei. Ikerketa iturrien arabera, atxilotuak lan egiten zuen mehategitik ohostu zituen lehergailuak. Espainiako Poliziak motxila baten barruan lehertu gabe gelditu zen bonba aztertu ondoren jakin du atentatua egiteko erabilitako leherkari mota ECO motako Goma2a zela. Leherkari hori Bugosko (Espainia) Paramo de Masa herrian egin zuten.

Iturri horien arabera, leherkari mota hori mehategi, harrobi eta lur-mugimenduetarako erabili ohi da, eta horren erosketa eta garraitzea Guardia Zibilaren kontrolpean egin behar da. Ikerketa iturriek diotenez, beste hipotesi bat ere zabalik dago. Haien ustez, litekeena da mehategiekin zerikusia duen enpresa bat sortu zutela atentatu egileek lehergailuak eskuratzeko.

Oviedon atxilotutakoaz gain, jatorri arabiarreko beste lau lagun atxilotu zituen atzo Espainiako Poliziak Alcala de Henaren, Meco eta Madrilen. Bostek poliziaren esku jarraitzen dute, lege antiterrorista aplikatu zaie eta litekeena da asteartean igarotzea epailearen aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.