JOSUNE IÑARRA, MIKEL SOROZABALEN EMAZTEA. Donostia
Mikel Sorozabelen etxera, Donostiako Bera-Bera auzoan, 01:30ak inguruan joan dira guardia zibilak. Ateari ostikoka ekin diote “Polica! Policia!” oihu eginez, harik eta Mikelek atea ireki arte.
“Armaz hortzetaraino, justu-justu zeozer jantzita, kalera ematen duen deskansilo batera atera gaituzte eta hamar bat guardia zibil etxe barrura sartu dira, beste norbaiten bila ariko balira bezala”, ekarri du gogora Josune Iñarrak, Mikel Sorozabalen emazteak, “Gu, bitartean, kanpoan, hormaren kontra jarri gaituzte. Pistola lepotik bost bat zentimetro jarri didate, eta Mikeli ere antzera”.
Gero barrura sartu eta janzteko esan diete. “Sukaldean jantzita geundela, epaitegiko emakume bat etorri da, eta hura etorri denetik gauzak asko aldatu dira tratu aldetik. Askoz normalagoa izan da tratua. Egongela arakatzen hasi dira: liburu guztiak, apal guztiak… Gero dena bere lekuan utzi dute. Epaitegiko emakumea aurrean zegoelako izango zen hori, nire ustez. Hainbat dokumentu hartzen eta prezintatzen hasi dira, eta emakumeak hiru aldiz aldarazi die prezintoko etiketa, desegokia jartzen zutelako”.
Josune egongelan batean atxiki eta Mikelekin joan dira etxeko beste gela batzuetara. “Handik paper pila bat eta CDak eraman dituzte, baita musikakoak ere, Cesarea Evoraren bat esate baterako. Baita nire laneko disketeak ere, urte askotan egindako lana. Euskarazko materiala agertzen zenean, kaputxadun bati pasatzen zioten eta hark zer zioen adierazten zuen; horren arabera erabakitzen zuten eraman edo ez”.
04:20ak aldera arte iraun zuen miaketak. “Zuk ziurta dezakezu ez dutela ukituko?”, galdetu dio amaieran Josunek epaitegiko emakumeari. Emakumeak ezin zuela hori ziurtatu adierazi dio. “Bere aurpegiak ere nahiko informazio ematen zuen”, dio Josunek. “Argi zegoen horretan ez zuela zer eginik”.
IDOIA ASTARLOZA,MIKEL AZKUNEREN EMAZTEA, Errenteria
"03:20etan joan dira. Uste dut 1:00-01:30 ingurutan etorri direla. Etxeko atea jo dute, guardia zibilak zirela, irekitzeko. Enkañonatu eta fokoarekin itsutu gaituzte. Ez zuten ezer esaten. Haurrak (urte bete eta hiru urteko semeak) negarrez hasi dira eta utzi didate haiengana joaten. Idazkari judizialak etorri direnean, haurrekin gelara pasa naute eta Mikel haiekin gelditu da. Ez nekien Mikel non zegoen. Beraiekin, pentsatzen dut. Printzipioz ez dute gauza handirik eraman. Paper batzuk, etxearen alokairuko kontratuak eta gauza gutxi. Azkenean etorri dira, eraman egingo zutela esatera. Ez didate esan zertaz akusatzen zuten ezta zergatik ere; despeditzen utziko zigutela.Nik nahiko ondo ikusi dut. Ondo zegoela esan dit, lasai egoteko. Jaitsi naizenean portaleko atariko zerraila puskatuta zegoela ikusi dut. Guardia Zibil pila bat ziren, 20ren bat. Eraman dutenean atera naiz balkoira eta sekulako despliegea zeukaten. Errepidea moztuta 200 metrora, patrol piloa. Bat etortzen zen galdetzera, ea zerbait behar nuen haurrentzat eta txupetea falta zitzaion bati eta ekarri dit. Hori noizean behin etortzen zen galdetzera ea zer rmoduz geuden".
BALDOMERA TELLETXEA, JUAN MARI LARRARTEREN AMA. Hernani
"Ordubiak laurden gutxi inguruan etorri dira. Tinbrea jo dute, eta balkoira atera naiz begiratzeko. Eta pertsiana zabaldu dudanean Guardia Civil, abre la puerta!! oihukatu dute eta jaisten ari nintzela jo eta jo jardun dira, abre la puerta!!! zebiltzala. Zabaldu bezain pronto argia jarri didate eta Juan Mariri buruz galdetu. Goiko pisuan zegoela esan diet. Etxeko beste guztiak kanpora ateratzeko agindu dute baina nik 88 urteko amona gurekin zegoela esan diedanean senarra eta biok haren gelan sarrarazi gaituzte eta hantxe eduki gaituzte. Gelara nentorrela, Juan Mari eskilaran behera zeramaten. Alkandoragabe zeramaten eta esan diet Dejenle vestirse . Eta gero ikusi dudanean bazeukan zerbait jantzita. Etxe guztia miatu dute Juan Marirekin. Aurrena gurea, gero gora joan dira eta han denbora asko pasa dute, eta behean ere garajea eta ikuiluak eta guztia miatu dute. Gero etorri dira ea semeari erropa batzuk hartzera igoko al nintzen. Gero neska bat etorri zait eta plastikozko poltsa batean nik jarritako arropa batzuk sartu ditu. Ni amonaren gelara itzularazi naute. Azkenean ematen zuen jaitsi direla guztiak eta abiatzeko zirela, berriz gora etorri dira, itxuraz Juan Mari despeditzen usteko. Juan Mari jada jantzita zegoen, bi eskuak patrikan sartuta… zuek lasai egon, nik ez det ezer . Guk ez diogu deus esan eta eraman egin dute… Inork ez digu deus esan eta ez genekien joan ziren edo pasilloan zegoen gu zaintzen gintuena. Bi furgoneta, bi kotxe, bizpahiru patrol etorri dira".
IZASKUN SARALEGI, AMANDO HERNANDEZEN EMAZTEA. Tolosa
"Goizeko0 2:00etan etorri dira eta 05.00etan joan dira. Atea joka etorri dira. Esnatu eta berehala pentsatu dut beraiek zirela, ordu horietan… Korrika joan naiz atea botako zutelako. Zabaldu dut eta deskansillora bidali nahi ninduten. Esan diet Amando jazten ari zela eta 10 urteko semearengana joaten uzteko eskatu diet. Eskailera buruan, etxetik kanpo, eduki gaituzte hirurok ordu bete inguru. Haiek barrura sartu dira, eta gero, beste batzuk etorri dira, 10 inguru. Orduan haurra eta ni gela batean sartu gaituzte eta Amandorekin dena miatzen eta hari galdezka ibili dira. Ni oso gaizki jarri naiz, dar-darka eta tratua ona izan da, oso zuzena. Amando ni agurtzera sartu da azkenean gelara. Eraman dutena: paperak, txikitatik gordetzen zuen tiratxinas bat, eta gero beste paper batzuk, Amandok esan die, nik entzun dut, horiek ez dira nireak, non aurkitu dituzue? eta erantzun diote, bai, bai, liburu kaja batean.
MAITE FERNANDEZ, MIKEL ARRIZABALAGAREN EMAZTEA. Donostia
Mikel Arrizabalagaren etxera, Donostiako Aiete auzora, «goizaldeko 01:15 edo 01.20ak aldean» joan dira guardia zibilak, haren emazte Maitek oroitzen duenez. «Atea jo baino lehen esnatu gara, auzoko txakurren zaunkek esnatuta. Leku lasaia da eta sumatzen zen zerbait arraroa gertatzen ari zela. Mikel esnatu eta esan diot zerbait gertatzen ari dela. Begiratzera jaitsi da eta etxera itzuli denean esan dit seme-alabak eta aitona-amonak esnatzeko, ingurua guardia zibilez beteta zegoelako».
«Orduantxe jo dute atea. Miaketarako ordena eskatu diot eta erakutsi egin dit. Ez dakit zehazki zenbat ziren, baina sei bat guardia zibil sartu dira, uniformez eta metrailetekin; kaleko jantziz eta enkaputxatuta beste hiru, eta epaitegitik-edo etorritakobeste hiru lagun ere baziren beraiekin. Guardi zibilak sartu eta irten ibili dira gero, txandakatuz. Kanpoan ere guardia zibilasko zegoen» .
"Mikel ez beste guztiak saloira eraman zituzten ondoren. Bulegoa non duen galdetu diote Mikeli, eta honek erantzun die etxean ez duela bulegorik. Mikelekin pisuaren goiko partera eta beheko garajera joan dira. Etxeko gela guztiak miatu ondoren, gu saloitik atera eta saloia miatu dute. Ordenagailua eraman dute eta baita nire agenda ere, nik nire irakasle lanerako erabiltzen dudana. Hori lanerako behar nuela eta mesedez uzteko eskatu diet, baina esan didate ikerketarako elementua zela. Liburu batzuk ere eraman dituzte, eta baita 'Egunkaria'-k mendiaren inguruko artikulu bategatik emandako sariaren garaikurra ere. Gauza gehiago ere eramango zituzten, baina ez dakit zehazki zer».
Amaieran paper bat eman diote sinatzeko, baina Maitek ez du oroitzen sinatu duen edo ez. "Eraman baino lehen, boltsa bat prestatzeko esan didate, arropa pixka batekin», jarraitu du kontaketa. «Prestatzen hasi eta esan didate arropa gehiegi zela. Orduan galdetu diet ea bihar itzuliko den etxera , eta berriro esan didate ez dela beharrezkoa hainbestearropa. Nora daramaten galdetu diedanean, esan didate Madrilera. Harrezkero ez dakit besterik».
Berriaren harpide dira Mikel eta Maite, eta Berria -ren gaurko alea ez die banatzaileak eman, guardia zibilek baizik, goizaldeko 3:45etan.
Euskalgintzaren aurkako polizia operazioa
Atxiloketen kronika. Lekukotasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu