Igandean beteko dira 19 urte Euskaldunon Egunkaria sortu zutela, abenduaren 15ean hasiko da euskarazko kazetaren itxierari buruzko epaiketa, eta domekan Durangon (Bizkaia), liburu eta disko azokan, ekimen garrantzitsu bat izango da, auzia salatzeko eta auzipetuei babesa emateko: Azoka hustu, plaza bete.
12:00etatik 12:15ak arte elkarretaratzea egingo dute, Durangoko Azoka ondoko plazan. Egunkariaren Alde Kultur Elkarteak egin du deia, eta bat egin dute Gerediaga elkarteak -azokaren antolatzaileak-, Euskal Editoreen elkarteak, Euskal Idazleen elkarteak eta Galtzagorri elkarteak.
Irailaren bukaeratik astero izan dira epaiketaren aurkako antzeko bilkurak hainbat tokitan, Egunkaria libre! lelopean. Hain zuzen, haietako bat idazleek eta argitaletxeek deituta egin zuten, eta beste bat musikariek deituta.
Halaber, herrietan ekimenak egiten segitzen dute. Azken egunetan, kasu, Elgoibarren, Eibarren, Bilboko Deustua auzoan...
Aste honetako ekimenak:
- Gaur, 20:00etan Zizurkilgo (Gipuzkoa) Atxulondo kultur etxean Martxelo Otamendiren hitzaldia.
- Bihar, 13:00etan Donostiako Deusto Unibertsitatean Joanmari Torrealdairen hitzaldia.
- Etzi, 12:00etan Durangon (azokaren ondoan) Hezkuntza arlokoen elkarretaratzea.
- Etzi, 19:30ean Seguran (Gipuzkoa) Egunkaria-ren aldeko jaialdia. Bertan, Txema Auzmendik hitz egingo du.
Bost auzipetu itxierari buruzko auzian
Espainiako Auzitegi Nazionalean izango da epaiketa, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen.
Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.
Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).
=b2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'=b
2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.
Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
'Azoka hustu, plaza bete' elkarretaratzea igandean Durangon, 'Egunkaria'-ren epaiketaren kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu