Igor Gonzalez bilbotar presoak -lehengo astean beste buruaz beste egiten saiatu zen- beste kartzela aldaketa bat izan du: Puerto III-tik Badajozkora eraman dute, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) gaur jakinarazi duenez. "Haren aurkako jazarpenak ez du etenik", salatu du AAMk. Bi kartzelak ere Espainian daude, Euskal Herritik mila bat kilometrora.
Haietatik gertu samarreko espetxe batean saiatu zen Gonzalez bere buruaz beste egiten, zainak moztuta, gaur zortzi: Granadakoan. Harrezkero ez dute harekin egoterik izan senideek. Asteartean zauria josi eta arratsaldean bertan kartzelaz aldatu zuten: Puerto III-ra. Familiako kideek ostegunean izan zuten aldaketaren berri.
"Ikusi beharra dut; aurrez aurrekoan edo kristal bidez, baina ikusi beharra dut. Ez dago batere ondo. Oso gaizki dago. Ez dio buelta eman, ez du hobera egin, eta ez du egingo tratamenduan jartzen duten arte", esan du Igor Gonzalezen arreba Ainhoak lehengo larunbatean BERRIAri. Premia larria dela dio presoaren arrebak, eta neurriak berehala hartzeko presioa egin nahi du.
Arazo psikologikoak ditu presoak, eta ez da lehen aldia kartzelan bere bizitza amaitzen ahalegindu dena, duela hamabost hilabete beste saio bat egin baitzuen Puerto de Santa Mariako kartzelan. Gainera, azkenaldian gaizki ikusten zuten beste presoek, eta abisua emana zuten.
Badajozen halako kasuetarako protokoloa berehala ezarriko dioten esperantza dute senideek; uneoro norbaitek lagunduta egongo dela, jarraipen berezia egingo diotela, eta tratamenduan berehala jarriko dutela. "Bestela, hemen hilko zaigu", ohartarazi du Ainhoa Gonzalezek.
Granadan egon aurretik, Soto del Real, Burgos, Puerto de Santa Maria, Alcala eta Navalcarneron izan zuten preso Gonzalez; Espainian beti.
2005ean atxilotu zuten, Donostian, ETArekin lotura zuelakoan.
Badajozko kartzelara eraman dute bere buruaz beste egiten saiatu zen presoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu