Manex Goihenetxe Ezterenzubin jaio zen, 1942an, hirurogeita bi urteko bizitza luze-laburrean asko eman duen unibertsitario euskalduna izan dugu. UEUko aurreneko idazkari nagusia eta lehenbiziko lehendakaria izan zen, historialaria, euskaltzalea eta bere herriarekin sendo engaiatua bizi izan zen. Manexen heriotzak beste historialari euskaltzale nafarraren galera ekarri dit gogora: Jose Maria Jimeno Jurio. Biak ala biak oso pertsona bakandu gisa ikusi izan ditut, bereziak, berezituak. Euren engaiamendua, haien jakin-mina eta bien ekarpenak ikasbide eta ezinbesteko erreferentziak dauzkagu. Baina bakarrik borrokatzen ibili izan diren sentipena daukat.
UEUk hogeita hamar urte bete zituenean omenaldi xumea eskaini genion Manexi Miarritzeko udako ikastaldien hasieran. Gizon apala eta langilea izaki, beharra zuen bere bizitzaren ardatza. Gure historialari nazionala, deitu zaion moduan, herri honen erakundetzean sarri saiatua izan da, UEUn, euskalgintzan, hezkuntzan eta politikagintzan. Pertsonak bere bakardadean ezer gutxi baitezake. Eta Manexek bazekien. Gure komunitate txiki labur honetan banakako galera horiek oso lazgarriak izaten dira. Umezurtz uzten gaituztenen sentipena sortzen digute eta. Aitzindariak izatearen zama bakardadearen lan astunaren karga izan ohi da. Oraindino, euskaldunok ez dauzkagu erakunde sendoen babesa, banan-banan gabiltza. Horregatik, agian, Manex Goihenetxe, Jimeno Jurio eta beste batzuen lana, handia eta garrantzitsua bada ere, sakabanatua eta gutxietsia gertatzen da. Oso gureak dira, hori egia da. Baina oso ezezagunak eta baztertuak gu ez garen gainontzeko aldetik. Manexek egindako lan ugari eta zorrotzetatik harago Euskal Herriaren erakundetzerako ahaleginak azpimarratu nahi nituzke. Gizalegezkoa da Udako Euskal Unibertsitateak zor diona aitortzea. Bihoakio, bada, UEUren eskerrik zintzoena. Hala ere, UEUtik gehiago opa nahi diogu. Berak sortu, gidatu, bultzatu eta, hogeita hamar urte luzeetan, lagundu zuen erakundea sendotu eta zabaldu egingo dugu. UEU, bestek beste, Manexena da. Hori baino gehiago. Bera bezalako unibertsitario euskaldunek erosoago eta emankorrago lan egin dezaten erakundea da UEU. Banan-banan ibiltzetik elkarrekin batera ibiltzeko beharra daukagulako. Guztion hobe beharrez berritu nahiko genuke Manexen engaiamendua. Manex UEUkoa baino gehiago da UEU Manexena. Ahalegin horietan dihardugunok eskarmentuarengatik badakigu jakin formatu txikian jardun behar dugula. Hau da, gure lanak eta ekarpenak, egin ahala, xumeak direla, txintxarriak bide malkar amaigabean. Baina ezinbestekoak bidea urratzeko.Manex Goihenetxe galtzea mingarri zaigu, jakina, baina galera eramangarriago egiten digu jakiteak berak utzitako lanak eta eraikitakoak gurean bizirik dirauela iraun. Eskalada zailari lotuko gatzaizkio, Manex.
2004-05-06
Banan-banan (Xabier Isasi UEUko zuzendari ohiaren iritzia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu