Bautista Barandalla presoa kontrolpean utziko dute libre

2009ko ekainaren 15a
19:30
Entzun
Bautista Barandalla presoa (Etxarri Aranatz, Nafarroa; 1964) gaur edo bihar utziko dute libre, haren abokatuak jakinarazi duenez. Jada, kontrolerako neurriak jarri dizkiote -ordutegiari eta espazio fisikoari dagozkionak- eta pultsera telematikoa ere jarri diote eskumuturrean.



Duela urte batzuetatik hesteetako gaitz sendaezina dauka Barandallak. Maiz eskatu izan dute hura libre lagatzea, baina Espainiako Espetxe Zuzendaritzak ez du kasurik egin. 2003an oso larri egon zen presoa -2002 eta 2003 artean hiru ebakuntza egin zizkioten, proktitis ultzeradun aktiboari aurre egiteko-, eta gizartearen presioa handia izan zen; urte bereko azaroan Espainiako Auzitegi Nazionalak Zaragozako (Espainia) espetxetik Iruñekora ekartzea erabaki zuen, eta harrezkero hor egon da.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu izan duenez, presoaren gaixotasuna ez da egonkortu eta aurrera jarraitu du. Janariarekin "izugarrizko kontua" izan behar du, gorputzaren erreakzioak kontrolaezinak baitira.

Hesteetako arazoez gain, duela bi urtetik hezurreko gaitzak ere jo du. Gerrialdeko ornoak eta aldakako artikulazioak ukituta ditu, eta horrek mina eta mugitzeko zailtasuna eragiten dio.

Hemeretzi urte daramatza preso Barandallak -ETArekin zerikusia izateagatik zigortu zuten-, eta zigorraren hiru laurdenak ere aspaldi bete zituen. Aurtengo uztailaren 13an beteko du zigorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.