BIOGRAFIA. Laboaren bizitzako data esanguratsuak

2008ko abenduaren 1a
13:10
Entzun
1934: Donostiako alde zaharrean jaio zen, itsasoari eta musikari lotua zegoen Pasai Donibaneko familia batean.

Txikitatik euskaraz kantatzen zuen koro txiki batean.

1936: Gerra zibila iritsi zenean, aita Bordelera exiliatu zen eta ama seme-alabekin Gardatara (Lekeitio-Ispaster) joan zen Zabala-Maguregi familiarengana.

Gerra amaitu baino lehen Donostiara itzuli ziren. Dena oso aldatua aurkitu zuten. Besteak beste euskaraz hitz egitea debekatua zegoen eta ondorioz ordura arte bere hizkuntza bakarra zen euskara galtzen hasi zen.

1950: Kitarra ikasten hasi zen.

1953-1955: Medikuntza ikasketak Madrilen eta Iruñean.

Garai honetan A.Yupanki, Violeta Parra, eta Brassens-en kanta asko abesten zituen Mikelek.

Iruñean euskara berreskuratzen hasi zen.

1958: Gayarre antzokian abestu zuen lehenengoz. Gazteleraz kantatu zuen.

1962-1963: 2 urtez gaixo egon ondoren, ezezagunak ziren kantu tradizionalak berreskuratzen hasi zen: O Pello Pello, Bereterretxeren kanthoria… Kanta hauen aurkikuntzak lilura izugarria sortu zion.

Zaragozako Teatro Argensolan lehen aldiz euskaraz abestu zuen.

Medikuntza ikasketak Zaragozan amaitu zituen.

1964: Bartzelonako Santa Creu i San Pau ospitalean lanean aritu zen eta Kataluniako kultur munduarekin harreman estuak izan zituen; Setze Jutges taldea ezagutu zuen.

Abuztuan Marisol Bastidarekin ezkondu zen, geroztik bere bizitza artistiko guztian zehar Mikelen kolaboratzailea izango dena.

4 kantu tradizionalez osaturiko lehen diskoa, Azken, argitaratu zuen Baionako Goiztiri diskoetxearekin.

1965: Donostiako ospitalean lanean aritu zen.

Bartzelonan ezagututako talde kontzeptua Euskal Herrian gauzatzeko lanean hasi zen. Hasera batean Benito Lertxundirekin harremanetan jarri zen. Ondoren Lurdes Iriondo, J.A. Artze eta beranduago Julen Lekuona ere bildu ziren taldera. Gerora Ez Dok Amairu taldea izango zenaren hastapena izan zen.

1965-1967: Udazkenean berriro Bartzelonara bueltatu zen.

Bartzelonan bigarren diskoa grabatu zuen baina zentsura arazoak medio Baionako Goiztirin argitaratu zen. Bi abesti tradizional eta Arestiren bi poema grabatu zituen bertan. Lehenengoa (Egun da Santi Mamiña) oso ezaguna egin zen.

1967-1972: 1967ko uztailean bueltatu eta Donostiako Patronato San Miguelen umeen neurosikiatra moduan lanean hasi zen; ia 20 urtez bertan jarraitu zuen. Bitartean musika egiten jarraitu zuen (Aresti, Espriu, Brecht, Artze eta Landarten testuekin).

Bakarlari zein talde formatoan aritu zen kantari.

1968: Lekeitioekin (kantu esperimentalak) hasi zen.

1969: Urnietan 2 disko grabatu zituen: Brecht-ren 4 testuetan oinarritua lehenengoa, zentsuraren arazoak direla-eta Goiztirik argitaratu zuen. 2 kantu tradizional eta 2 abesti berri bigarrenean; azken hau Herri Gogoak publikatu zuen.

Bi kanta egin eta estreinatu zituen: Baga Biga Higa (Lekeitio 2) eta Txoria txori (Artzeren poeman oinarritua). Biak Ez Dok Amairuren ikuskizunean sartu ziren eta lehenengoak titulua eman zion (Baga Biga Higa sentikaria. 1970/72).

Joxe Mari Zabalarekin (armonika, kitarra akustikoa, kitarra elektrikoa eta flauta) hasi zen jotzen. Laster Ez Dok Amairun sartuko zen.

Zumeta pintoreak lehenengo portada egin zion (aurrekoak Forkadarenak ziren). Ordutik aurrera azal eta kartel guztiak Zumeta berak egin dizkio.

1972: Ez Dok Amairu taldea desagertu zen grabatutako Baga Biga Higa sentikaria argitaratu gabe.

1974: Bat-Hiru (Herri Gogoa) grabatu eta argitaratu zen.

1975-1978:Ikimilikiliklik ikuskizun audiobisual eta berritzailea martxan jarri zuen Artze anaiekin batera. Artzeren poema bisualak eta Zumetaren marrazkiak proiektatzen zituzten. Ikuskizuna leku askotan eman zuten (Euskal Herrian zein kanpoan).

Garai honetan kontzertu asko eta esanguratsuak eman zituen, besteak beste: Donostiako belodromoan “24 ordu euskaraz”, “El Festival de los Pueblos Ibéricos” Madrilen…

1976: Veneziako Biurtekoan arrakasta handia izan zuen espektakuluarekin.

Suediako telebistak egindako erreportaian parte hartu zuen.

1977: Llach-ekin gira egin zuen eta Komunikazioa-inkomunikazioa (Lekeitio 5) sketch abanguardista estreinatu zuen.

1978-1980: Kontzertu ugari eman zituen: Bai Euskarari San Mamasen, Londresen Lete eta Valverderekin, Bartzelonan, ...

1980: Lau bost grabatu zuen Jean Phocas teknikariarekin eta Xoxoa diskoetxeak argitaratu zuen.

Kanta berriak egin zituen (Lete, Atxaga, Sarrionandiaren... testuekin) eta Lekeitioekin jarraitu zuen.

1984-87: Iñaki Salvadorrekin hasi zen lanean. 84. urtetik aurrera Mikelentzat oso kolaboratzaile garrantzitsua bihurtu zen.

Sei (Elkar) izeneko diskoa argitaratu zuen.

Hamarkada honetan ere kontzertu garrantzitsuak eman zituen: Euskal Herrian zehar eta euskal hiri buruetako antzoki nagusietan, Madrilen “San Juan Evangelista”n ... Gernikako bonbardeaketaren 50. Urteurrenean Gernikan bertan.

1987: Josetxo Silguero saxojolea Mikelekin jotzen hasi zen. Bera ere (Iñakirekin batera) oso kolaboratzaile inportantea bihurtu zen.

Urte hauetan beste musikari batzuen kolaborazioa izan zuen: Jexux Artze, Carlos Itoiz, Eduardo Salvador...

Homenaje a las Victimas del Franquismo disko-bilduman parte hartu zuen.

Sevillako Atalaya antzerki taldearekin kolaboratu zuen.

1988: Lekeitioak ( LP bikoitza, Elkar argitaletxea) publikatu zen.

1989: 12(Elkar) argitaratu zen.

1990-2000: Aktibitate handiko urteak: bidaiak, kontzertu eta grabazioak. Kubara beste artista batzuekin espedizioa, New Yorkera...

Txerokee (Elkar) diskoa publikatu zen (Euskal Herriko talde gazte batzuk Mikelen kantak interpretatuz egin zuten).

1992: Zilbor hestea (Elkar) diskoa publikatu zen (Iñaki Salvador-ek Mikelen kantuen bertsio instrumentalak).

1993: Raimonen omenez egindako Al Vent kontzertu arrakastatsuan parte hartu zuen.

1994: 14 (Elkar) diskoa publikatu zuen.

Urte hauetan Euskal Herriko gazte batzuk bere omenez antolatu zituzten kontzertuetan parte hartu zuen.

1995: Gasteizko Principal antzokian kontzertua eman zuen AEKren eskutik. Hurrengo egunean Gasteizen bertan milaka pertsonen artean, Mikelek Korrikaren “lekukoa” eraman zuen. Mikel Laboa liburua aurkeztu zen (AEK-ren iniziatiba eta Elkarren editatua).

1997: Zuzenean (Elkar) CDa publikatu zuen.

Madrilgo Circulo de Bellas Artesen, beste artista batzuekin batera, Atxagaren Nueva Etiopiaren disko-liburu presentazioan parte hartu zuen.

Anoetako estadioan, milaka pertsonen aurrean, Orfeoiaren 100. urteurrena ospatzeko kontzertuan parte hartu zuen. Baga Biga Higaren bertsio sinfonikoak (Victor Pablo Perez-ek zuzendua) arrakasta izugarria izan zuen.

Bartzelonako Mercat de les Florsen aktuatu zuen.

Haika Mutil (Uribe) pelikula Donostiako Zinemaldian estreinatu zen.

Intxaustegiren Euskal Herriko garaiko sortzaileak estreinatu zen.

1999: Donostiako Victoria Eugenian (Musika Hamabostaldiak Mikeli omenaldi gisa antolatuta) kontzertua eman zuen Orkestrarekin batera. Gernika Zuzenean 2 han grabatu zen.

Abenduaren 30ean Bartzelonako Palau de la Musican “Festival del Milenio” kontzertu arrakastatsuan parte hartu zuen.

2000: Gernika Zuzenean 2 (Elkar) publikatu zuen.

Euskal Herriko Unibertsitateak urrezko domina eman zien Artze Anaiei, Benito Lertxundiri eta Mikel Laboari.

2000-2001: Euskal Herrian zehar hainbat kontzertu eman zituen.

2003: Donostiako Zinemaldian Julio Medemen La Pelota Vasca film polemikoa estreinatu zen. Soinu banda Mikelena da (Gernika Zuzenean 2).

Glasgown ”Festival de la Música Celta”n parte hartu zuen.

60 + 2 (Elkar) izeneko bilduma publikatu zen.

2004: Olomouc-en (Txekian) Josetxo Silguero, Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorikarekin eman zuen kontzertua.

2005: Xoriek (Elkar) CDa argitaratu zuen.

2006: Donostiako Zurriolan Bob Dylanekin batera kantatu zuen.

Nomadak TX Donostiako Zinemaldian estreinatu zen.

2007: Lekeitioak (Elkar) bilduma osatua Lekeition aurkeztu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.