Garaiz, ohi baino garaizago iritsi ginela akordatzen naiz. Eta gure 'errezinko' berdea mandiora bidean gorde genuela, baserriko ganbara parean. Ez zegoen beste ezertarako tokirik. Dena zeukaten prest txirrindulari elkartekoek, eta urduriak jota gu. Aitona eta amona hor nonbait, gurasoak eta osaba-izebak antzera, baina gu, bi lehengusuak, urduriak jota. Pentsa, 11 urte nik eta 12 Imanolek. Eta Euskal Herriko Itzuliko helmuga Loitzene gure baserri parean jarrita. Parean, bai. Beheko koartoko balkoi parean. Ezin pareagoan, helmugako pankarta balkoiko barroteei lotu zioten eta!
1985eko apirilean ere Beasainen amaitu zen itzulia. Harro esan nuen aste hartan eta ondorengo lauzpabostetan "nire baserri parean". Garaiko beasaindar petoek esango luketen moduan "cuatrocaseriosen". Han goiko auzo hartan, Erauskinen.
Hemeroteka badabil. Peio Ruiz Cabestanyk irabazi zuen Itzuli hura sekulako ezustekoa emanda. Egun hartan bertan, goizeko etapan, Deskargan behera erasoa jota egin zuen tartea —ez zen garai hartan oso ohikoa 'erasoa' eta 'beheraka' hitzak esaldi berean uztartzea, baina berritzailea izan zen horretan Peio— eta gure baserrira bidean eutsi zion gero aldeari eta irabazi zuen Itzulia —Sean Kelly nagusitu zen erlojupekoan, eta Lemond eta Marino gelditu ziren sailkapen nagusian Cabestanyren atzetik—.
Baina hemeroteketan ez dator Peio Ruiz Cabestanyk ur basokada bat hartu zuela Loitzeneko sukaldean. Eta ez dator Sean Kellyri eta Greg Lemondi gurean dutxa hartzeko proposatu ziola attona Joxemartiñek. Sartu eta irten ibili zirela han txirrindulariak, zuzendariak eta kazetariak, eta zoriontsuak ginela gu. Txirrindulari elkartekoa zen osaba eta haren bidez bihurtu zen gure baserria denentzako txoko eta denentzako babes. Zuenik-eta onena jarri zuen aitonak denen eskura —baserriko urdaiazpikoa, xolomoa eta txorizoa—, eta izan ziren esker onez haren gonbita onartu zuten hizkera arrotzeko txirrindulari meharrak. "Jan, jan, lasai", esaten zien amona Anttonik haien hanka-zuztarren plakiaz beldurtuta edo.
Hemeroteka badabil, eta oraintxe irakurri dut El Mundo Deportivok egun hartan egindako kronikaren amaiera: "A los organizadores norteños únicamente les hace falta cuidar más el aspecto salas de prensa y teléfonos, para convertirse, ya, sin discusión, en la primera carrera por etapas de medio calibre que se organiza en España". Javier Dalmasesek sinatzen du artikulua, eta Javier Dalmases ez zen egun hartan Loitzenen izan. Ziur.
PD: Inork egun hartako telebista irudirik ikusteko aukerarik badu, etapa amaitutakoan Sean Kellyri egindako elkarrizketan, bere atzean saltoka, kamera agurtuz ari diren biak, ni eta lehengusua gara. Eta bai, zoriontsuak ginen.