Buruntzape SL izan da oraingoan Espainiako Auzitegi Nazionalaren jomuga. Buruntzapeko Administrazio Kontseiluko bi kide —Iñaki Uria da hirugarrena, baina espetxean dago otsailaren 20az geroztik—, kudeatzaile ohia eta egungo kudeatzailea atxilotu ditu Guardia Zibilak .
Buruntzape 1997an egituratu zen elkarte bezala, eta Egunkaria SA, Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa eta Graficas Lizarra dira bazkideak. Elkartearen fruitu nagusia, berriz, 2002ko ekainetik 25 talde biltzen dituen Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkearen sorrera da. Kultur Parkea sortu eta kudeatzeko helburuz eratutako tresna baino ez da Buruntzape. Inaugurazioan Joxe Mari Sors Elkarlaneaneko ordezkariak esan zuenez, «euskalgintzari eta kulturgintzari azpiegitura sendo eta modernoak eskaintzea» da Buruntzapeko hiru bazkideen asmoa, eta hain justu funtzio hori betetzen du Kultur Parkeak.
Laborde erosi eta parkea egiteko asmoa
1994az geroztik dago Egunkariaren egoitza Andoainen. Laborde enpresarenak ziren eraikinetako bat alokatu zuen Egunkaria SAk, eta han egin zuen bere lana 2003ko otsailaren 20an Del Olmok itxiera agindu zuen arte.
1997an pentsatu zuten Egunkaria SAren arduradunek Laborderen jabetzak erostea, eta bertan euskalgintza eta kulturgintzako eragileei lekua egin eta indarrak metatzea. «Izan ere, industria eta teknologia elkartu eta parkeak eraikitzen diren bezala, zergatik ezin genituen guk enpresa mundua, teknologia eta kultura uztartu? Eta hor guztia euskaraz», adierazi zuen Joan Mari Torrealdai Egunkariako Administrazio Kontseiluko lehendakari ohiak, Kultur Parkearen inaugurazioan.
Baina, Egunkariak Laborderen orubea erosteko nahikoa indar ez zuenez, proposamena egin zien euskal kulturgintzako eragile ezberdinei. Elkarlaneanek eta Graficas Lizarrak berehala erantzun zioten, eta hiruen artean ekin zioten lanari. Hala, 1997ko amaieran Laborde erosteko kreditua eskatu zuten eta 2002ko ekainean errealitate bilakatuko zen ametsari forma ematen hasi ziren. Guztira 5 milioi euroko inbertsioa egin zuten Kultur Parkea abian jartzeko; inbertsio horretatik %95 funts propioekin finantzatuko zen eta %5 diru publikoen bidez.
Parkearen finantziazio bidea bertan lanean ari diren talde eta enpresak ere badira. Enpresa guztiek, Buruntzapeko hiru bazkideek barne, alokairua ordaintzen dute Parkean egoitza izateagatik. Inoiz etekinak ematen baditu, Kultur Parkea indartuko duten inbertsioak egiteko erabiliko litzateke diru hori.
2003ko otsailaren 20ra bitartean, beraz, kreditua ordaindu zuten hilero-hilero hiru bazkideek; baina, Egunkariaren kontrako operazioak proiektua kolokan jarri zuten, eta beste bi bazkideek eutsi diote Parkeari. Orain beste bi bazkideak ukitu ditu Del Olmo epaileak.
Euskalgintzaren aurkako polizia operazioa
Buruntzape SL, kultur industria indartzeko tresna
Martin Ugalde Kultur parkea. Egunkariak, Elkarlaneanek eta Graficas Lizarrak 1997an eratu zuten Buruntzape SL elkartea, horren bidez euskalgintza eta kulturgintza eragileak bilduko zituen Martin Ugalde Kultur Parkea sortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu