Clegg, barne orekari ezin eutsita

2010eko maiatzaren 12a
09:41
Entzun
Erabaki beharrak ataka zailean jarri ditu liberal-demokratak. "Konplexua da benetan guretzat. Alderdiko kideen artean heren bat egongo da Alderdi Kontserbadorearekin lan egin nahi ez duena. Baina heren batek ez ditu laboristak alboan nahi. Eta gelditzen den herenak ez du ez batekin ez bestearekin aritu nahi", adierazi du Nicol Stephen liberal-demokratak, Eskozian alderdiko buru izandakoak. Erresuma Batuko zenbait tokitan kontserbadoreekin gobernua hitzartzeak eragingo duen erreakzioak kezkatzen du.

Iparraldeaz ari da Stephen, Eskoziaz bereziki: "Gutako asko kontserbadoreak agintean zirenean hasi ginen politikan. Thatcherren garaia zen. Eta oso kezkatuak ginen kontserbadoreen politikez". Alabaina, liberal-demokrata denak ez dira uste berekoak. Horren berri eman du Simon Snowdenek, Liverpooleko Unibertsitateko enpresa estrategietarako zentroko zuzendariak: "Hegoaldeko liberal-demokratak euren alderdiarekiko estima galdu duten tory-ak dira; iparraldekoak, berriz, protesta egiteko gogoz dauden laboristak".

Nick Clegg buruzagi liberal-demokratari, horregatik, zaila gertatuko zaio oreka mantentzea. Hegoaldean, tory-en nagusitasuna nabarmen ageri den barrutietan, hala, kontserbadoreekin aliantza egiteak izan dezake bere logika politikoa, baina, Manchester, Liverpool, Newcastle, Middlesbrough eta Leeds hirietan bestela ikusten dira gauzak. Eskozian, zer esanik ez. Han, 59 diputatuetatik bakarra baino ez da irten tory-a azken hauteskundeetan; hori dela eta, kontserbadoreen eskutik agintzea eta orain artean alde izandako boto-emaile denak galtzea bat izan daiteke Eskozian.

"Redcarren, gainontzeko hautagaiak haurren hiltzaileak izanda ere, ez luke inork kontserbadore baten aldeko botoa emango. Liberal-demokratek behin betiko galdu nahi badute iparra, orduan bat egin dezatela tory-ekin", adierazi du Geoff Waterfield Corus siderurgiako langileak. Ekonomia krisia dela eta, ixtear da enpresa hori, eta, horregatik, azken hauteskundeetan liberal-demokraten alde egin du gehiengoak -orain arte laboristak ziren nagusi barruti horretan-. Eta Alderdi Liberal-demokrata atera da, hartara, garaile; Redcarkoak ezkerrera egin zutelakoan zeuden. Zer pentsatua eragin die, ordea, hauteskunde ondorenak, izan ere, ezkerrekoagoak ziren haiek eskuinerantz egin dute.

Ixiar Zubiaurre
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.