Frantziako Legebiltzarrak bart goizaldean onartu du hainbeste eztabaida sortu duen gazteentzako CPE lehen kontratua. Legebiltzarkide asko falta ziren bozketa egin denean, baina, hala ere, eskuinak erraz lortu dute ekimena aurrera ateratzea: 51 diputaturen babesa jaso du Dominique de Villepin lehen ministroaren Gobernuaren proposamenak, eta ezkerreko oposizioko 23 legebiltzarkidek bozkatu dute kontra. 26 urtez beheko gazteei lehen kontratua egiteko baldintza berriak ezartzen ditu lege horrek. Finean, bi urteko froga epea bete beharko dute, eta aro horretan arrazoirik eta ia kalte-ordainik gabe kaleratu ahal izango dituzte.
Gobernuaren arabera, gazteen enplegua sustatzeko balioko du neurriak. Izan ere, langabetuen kopurua askoz ere handiagoa da 26 urtez behekoen artean beste adin sektoreetan baino. Era berean, gazteen enplegu prekarietatea murrizteko balioko du.
Doi-doi kontrako iritzia dute ezkerreko oposizioak, sindikatuek eta ikalse mugimenduak. Haien iduriko, kontratu eredu horrekin lanean hasten diren gazteen eskubideak ezabatzen dira, eta "prekarizaziora eta esplotaziora" bideratzen ditu.
Hori dela eta, herenegun lanuzteak eta protestak egin ziren Frantziako Estatuan sindikatuek eta ikasle mugimenduak antolatuta.
Kontratu eredu berriak zuzen-zuzenean eragiten die Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako gazteei, eta, ondorioz, bi mila bat lagunek parte hartu zuten herenegun Baionan ekimen horren aurka egin zen manifestazioan.
Enplegua
CPE gazteentzako lehen kontratu polemikoa onartu du Frantziako Legebiltzarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu