EA, EB eta Aralarreko ordezkariek galdeketaren defentsa egin dute beren hitzaldietan

2008ko irailaren 26a
18:50
Entzun 00:00:0000:00:00
Herri galdeketaren defentsa egin du Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarreko Politika Orokorreko saioko hitzaldiaren zati handi batean, eta bide bera hartu dute EA, EB eta Aralarreko ordezkariek beren txandetan.

Unai Ziarreta EAko presidente eta Legebiltzarreko bozeramaileak euskal gizartea bidegurutzean dagoela adierazi du: batetik, bi subiranotasunek talka egiten dutela, eta, bestetik, marko juridiko-politikoa sortu edo "itogarria" den Estatutu baten artean aukeratu behar duela. Bidegurutze horretan aurrera egiteko tresna kontsulta dela azpimarratu du, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrak batzearen alde egin du.

Galdeketaren izaera demokratikoa azpimarratu du, berriz, Oskar Matute EBren bozeramaileak aukera horren alde egiteko. Auzitegi Konstituzionalaren argudioari kontra eginez, galdeketa ez dela "ez apurtzailea, ez independentista" azpimarratu du: "demokrazia zabaltzea eta herritarrak protagonista egitea zuen helburu".Hain zuzen ere, ETAri aurre egiteko tresna egokia dela iritzi dio "ETAren kontra demokrazia zabaltzea eta ez estutzea baita tresna egokiena".

Aralarreko Aintzane Ezenarrok herri galdeketa babesteko deia egin du, "kalean zein nazioarteko foroetan". Euskal Herrian "negoziazio politikoa" aurrera eramatea ezinbestekoa dela iritzi dio Ezenarrok, eta oraindik eginkizun dagoela. Ildo horretatik, galdeketa negoziazio hori behartzeko tresna dela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.