EAJ, EHAK, EA, EB eta Aralarren ekimenak helegitea dela-eta

2008ko uztailaren 16a
13:49
Entzun
EAJ

Iñigo Urkullu EAJko presidenteak gaur iragarri du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Eusko Legebiltzarraren galdeketaren legea bertan behera uzten badu, EAJk horren aurkako helegitea sartuko duela eta, Espainiako Estatuko bideak agortu ostean, Europako auzitegietara jotzea ez dutela baztertzen. "Ez gara geldirik egongo".

EHAK

EHAK-k ez du Eusko Legebiltzarraren galdeketaren legea defenditzeko neurririk hartuko -aldeko boto erabakigarri bat eman zuen eta zazpi abstentzio-, gaur Nekane Erauskin legebiltzarkideak esan duenez, eta bere ekimena egungo esparrua gainditu ahal izateko proposamenak egitea izango da. "Ez da sinadura bilketen, manifestazioen eta helegiteen ordua".

Espainiako Gobernuak jarritako helegitea salatu du Erauskinek, "Estatuaren aurpegi faxistena" erakusten duelako horrek. "Euskal herritarrontzat ez dago demokraziarik".

EA

EAk erabaki eskubidearen aldeko babesak lortzeko kanpaina egingo du, gaur Rafa Larreina Politika Instituzionaleko idazkariak esan duenez. "Abuzturako prest izan dezakegu, ahal den txoko gehienera iristeko, betiko bideekin eta berritzaileekin". Horretaz gain, EAJ, EB eta Aralarrekin beste ekimenak egingo dituztela jakinarazi du; ez du zehaztu nolakoak izango diren.

Larreinaren ustez, helegitea dela-eta, "diktaduratik demokraziarako trantsizioa bukatu gabe dagoela fogatu da, arazo politikoak konpondu gabe daudelako".

EB

Julia Madrazo Bilboko EBko zinegotziak uste du Espainiako Gobernuak "totalitarismoz" jokatu duela helegitea sartuta, "Eusko Legebiltzarreko borondatea zapaldu baitu", eta Legebiltzarreko Batzorde Iraunkorra biltzea proposatu du, "erantzun sendoa emateko".

Aralar

"Erabaki eskubidearen aldeko defentsa izango da herri gisa izango dugun erronkarik handiena". Hala esan du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak, eta bere alderdia horretan buru-belarri ariko dela. EHAKri ere horretan murgiltzeko eskatu dio, "bestela, biharko egunera begirako akats larria egingo du". Erronka hori, irizipide demokratikoekin jokatuta "soilik" irabaz daitekeela uste du Zabaletak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.