'Egunkaria auziari' buruzko auzi-saioa urtarrilaren 26a arte atzeratu dute

2005eko azaroaren 18a
17:25
Entzun
Lainoa tarteko, goizeko seietan Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportutik Madrilera joan behar zuen hegazkina ez da abiatu, eta, ondorioz, Iñigo Iruin eta Jose Mari Elosua Egunkaria auzi-ko abokatuak Espainiako Auzitegi Nazionalean zuten hitzordura ezin iritsita geratu dira. Hori dela eta, gaurko auzi-saioaurtarrilaren 26ra atzeratu dute. Zazpi auzipetuek aurkeztutako dei helegiteen inguruko auzi saio horrek garrantzi handia du, Egunkaria auzia instruktorea ez den instantzia judizial baten aztertuko den aurreneko aldia delako. Auzipetuak Eusko Legebiltzarrean izan dira gaur, Izaskun Bilbao presidenteak harrera egin baitie.

Auzipetuen iduriko Fiskaltzak dei helegiteei buruzko auzi-saioan agertuko duen jarreraren arabera Espainiako Gobernuak auziaren inguruan duen borondatea sumatu ahal izango da. Iruin eta Elosua abokatuek eskatu dute atzerapena, gaur hegazkinarekin izan duten arazoa tarteko, ezin izan dutelako jarritako ordurako Madrilera iritsi. Espainiako Auzitegi Nazionaleko aretoak utarrilaren 26an jarri du hitzordu berria, goizeko 10:30etan. Auzi saioa utarrilaren 26an eta 27an egingo dela aurreikusi dute, beraz, luzea izango dela.

Zazpi auzipetuak, berriz, Eusko Legebiltzarrean izan dira gaur goizean. Izaskun Bilbao presidenteak egin die harrera. Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari zenak, BERRIAko zuzendari eta auzipetuak 'berria.info'-ri azaldu dionez, "oso ondo" hartu ditu. Auzipetuei "beren etxean" daudela adierazi die Bilbaok; haiek, berriz, eskerrak eman dizkiote harrera egiteagatik, eta gaur Legebiltzarrean auzia artxibatzeko eskatzen duen legez besteko proposamena eztabaidatuko delako.

Gaur egitekoa zen saioa dela eta, elkartasun adierazpen ugari jaso dituzte egunotan auzipetuek. Herenegun, artxibatzea eskatzeko elkarretaratzea egin zen Martin Ugalde Kultur Parkean, Egunkaria zegoen lekuan, eta gehiengo politiko eta sindikalaren babesa jaso zuten. EAJ, Batasuna, EAko, EB, Aralar, Udalbiltza, Udalbide, ELA, LAB, CCOO eta Hiruko ordezkariek parte hartu zuten, besteak beste. Halaber, kultur munduan ezagun diren hainbat pertsonek parte hartu zuten.

Atzo, berriz, Jaurlaritzak eskatu zuen auzia artxibatzeko deklarazio instituzional baten bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.