EHAK-k, EAk eta CiUk jokalariak babestu dituzte, PSE-EEk eta PPk ez

2008ko azaroaren 14a
12:57
Entzun
Ezker Abertzalea Gasteizko Legebiltzarreko taldeko Itziar Basterrikak euskal futbolarien erabakia babestu zuen, ezker abertzaleak Euskal Herria izenarekin jokatzeko aldarrikapena "aspalditik" egiten duelako. "Futbolariak euskal herritarrak dira, eta euren erabakiak errespetagarriak dira". Gaineratu duenez, iazko jokatutako partidan Euskal Herria izena erabili zuten eta izen hori "nork eta zergatik" aldatu duen ez daki.

EAk ere bere babesa eskaini die futbol jokalariei. "Gabonetako partida aldarrikapen nazional eguna da baita euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldekoa ere. Izenen gainetik, ordea, zazpi herrialdez osatutako herri bat garela aldarrikatu behar dugu", esan du EAko Onintza Lasak. Euskadiko Futbol Federazioari futbolarien eskakizuna "errespetatzeko" eskatu dio eta horren arabera, "izena aldatzeko".

PSE-EEk, bere aldetik, futbolariei "jokora mugatzea" eskatu die. Jose Antonio Pastorrek adierazi duenez, futbolariek "eztabaida antzuak" utzi behar dituzte eta "futbolean gehiago jokatu, euskal futbolak ez baitu garai onena bizi". Pastorrek esan du "harritu" egin duela futbolariek hartu duten "bat-bateko konpromiso politikoa".

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako PPko presidente Antonio Basagoitik ere bere iritzia eman du. Bere ustez, "dinamika batasunoak Alaves, Athletic eta Reala hondoratuko ditu", agintarientzako eta "euskal futbolariak mehatxatzen dituztenentzako" independentzia defendatzea "garrantzitsuagoa" baita hiru euskal talde horien "biziraupena" baino. Eztabaida honen oinarria "hezkuntza sisteman EAJk ereindako haziari" egotzi dio Basagoitik.

Ignasi Guardans CiU alderdi katalaneko europarlamentarioak jokalarien erabakia babestu du, "Euskal Herria kontzeptu kulturala" dela uste duelako. "Bakoitzaren sentimenduak eta erabakiak errespetatu behar dira, eta ez da politika kirolarekin nahastu behar", adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.