EHAK-k Konstituzionalera jo du ilegalizazioaren aurka

2008ko urriaren 30a
09:50
Entzun
Garzonek bide penaletik abiatutako auzia ez ezik, Estatuko Abokatuak eta Fiskaltzak bide administratibotik egindako legez kanporatzeko auziak ere egin du bere bidea. Hala, Espainiako Auzitegi Gorenak irailaren 18an EHAK legez kanporatzea erabaki zuen, Alderdien Legean babestuta. Hori ikusirik, babes helegitea aurkeztu du EHAKren defentsak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Auzitegi Gorenak alderdia legez kanporatu eta bere jardunak eteteko agindu zuen autoan; EHAKri egotzi zion «Batasunaren funtzioak» bere gain hartzea eta «ETAren estrategiatik ez aldentzea». Alderdiaren defentsak aldarrikatu du EHAK ez dela ETAren agindupean ari eta biltzeko zein politikan jarduteko eskubidea duela, Espainiako Konstituzioak eskubide horiek jasotzen dituela arrazoituta. Horregatik jo du Konstituzionalera, legez kanporatzea bertan behera utz dezala eskatzeko.

EHAK legez kanpo utzi zuten aste berean ilegalizatu zuten EAE-ANV alderdiari helegitea aurkezteko epea amaitzen ari zaion arren, alderdi historikoak ez duela oraindik Konstituzionalean babesa eskatu jakinarazi dute berri agentziek Konstituzionaleko iturriak aipatuta.

Bestalde, Eusko Legebiltzarrak ez du oraindik jaso EHAK legez kanpo uzten duen epaia, eta, beraz, ez du oraindik legebiltzar taldea desegiteko urratsik egin. Erabakia irmoa bihurtu eta ezartzeko fasean sartu arte, ez dio hala egiterik eskatuko auzitegiak legebiltzarrari.

Edozein moduz, berri agentziek auzitegiko iturriak aipatuta azaldu dutenez, litekeena da Fiskaltzak eta Estatuko abokatuak ez eskatzea epaiaren ezarpena. Izan ere, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak martxoan izango direnez, urtarrilean desegingo da ofizialki legebiltzarra. Hortaz, EHAK legebiltzar taldea desegiteko urratsak egiten hasita ere, ez luke prozedura amaitzeko denborarik emango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.