IRITZIA

Ekainak 5, hitzordua

Rebeka Ubera (EH Bilduko legebiltzarkidea)
2016ko ekainaren 3a
16:16
Entzun

Diskurtso, agerraldi, folklore eta “postureo”-etatik ekintzara pasatzeko garaia iritsi zaigu. Hainbat eta hainbat herritarrek eginiko isilpeko lanari esker, demokrazian herritar guztioi –dena delarik ideologia- dagokigun erabaki eskubidean sinesten dugunok ekainaren 5etik aurrera gure etorkizuna eraikitzen hasteko aukera izango dugu. Ez da egun bateko kontua izango, ez eta epe motzekoa, baina lehenengo aldiz, Euskal Herrian behetik gorako prozesu parte-hartzaile baten bidez erabakitzeari ekingo zaio.

Ez ditut gutxietsi nahi historian zehar gure herrian esparru desberdinetan demokraziaren alde, Euskal Herriaren egituratzearen alde edota pertsonen eskubideen alde egon diren prozesu eta saiakera desberdinak, batzuk gogorragoak, beste batzuk ahulagoak... Zenbait aipatzearren: 36ko altxamendu faxistaren aurkako borroka, orain dela 75 urte udal herri desberdinetan onarturiko adierazpenak, Ibarretxe plana, pertsonen eskubide sozial eta laboralen aldeko mugimendua, euskararen ofizialtasunaren alde zein normalizazioaren aldekoa, berdintasunaren aldeko borroka feminista, etab. Guztiak eta bakoitza demokraziaren eraikuntzaren pieza dira, baita gure historiaren ondorio ere, eta aldi berean, lortu nahi dugun Euskal Estatuaren arkitekto eta peoi. Bakoitza bere ikuspegi diferentzialarekin,norberaren ilusio eta beldurrekin. Baina guztiak beharrezkoak eta artikulatu beharrekoak.

Baina bazen garaia buzoa jantzi, azken urteotako impasse egoera gainditzeko eta egitera iragateko. Egin, ekin, erabakiak hartu. Guztion artean, eta herritar oro eta bakoitza film liluragarri honetako protagonista bilakatzeko.

Ekainaren 5etik aurrera eraiki dezakeguna gure esku dago. Ekainaren 5ak beste aukera baterako atea irekitzen digu, baldin eta aukera hori elikatzeko lanerako prest baldin bagaude; bakoitza bere eremutik, noski. Eta elkarrekiko errespetu osoz, auzolanean jardunez gero. Esaterako, instituzioetan zein “politika” modu formalean ezagutzen den esparruan ari garenok gure ekarpena egiteko bi hitzordu ditugu epe motzean, eguneroko lana ahaztu gabe. Hitzordu esanguratsuak eta eragin zuzena izan dezaketenak Euskal Estatuaren eraikuntzan, aukera probestuko bagenu, edo dugun apurraren desegitean, aukera galduko bagenu: ekainaren 26ko eta udazkeneko EAEko hauteskundeak. Euskal Herrian orain arteko zikloa betikotzera edo orain arteko zikloa apurtu eta politika egiteko eredua aldatzen hastetik politika Euskal Estatu ikuspegiarekin egiten hasteko aukerari bidea irekitzeko. Izan ere, agerian geratu da orain artekoak goia jo duela, eta geneukan burujabetza apurrak ez duela gehiagorako ematen. Madrildik datorren birzentralizazio bortitz zein erasokorraren aurrean gero eta zailagoa egiten zaigu egunerokoan gure bizimoduan eragiten dizkiguten alorretan (hezkuntza, osasuna, enplegua, gizarte zerbitzuak zein bestelakoetan) gure gizartearen errealitateari begirako erabakiak hartzea, eta herritar guztiok behar ditugun bertatik bertarako politikak diseinatzea. Madrildik inposatzen zaizkigun erabakiak eta neurriak gero eta gehiago dira, eta horri aurre egiteko eskuduntzak garatu gabe izateaz gain, aldarrikatu eta egituratzeari uko egin diogu, praktika politikoak ematen dizkigun tresnak alboratuta. Arrazoi ezberdinak daude horren atzean: erosotasuna, konfrontazio demokratikoa ekiditea, epe motzeko irakurketa alderdikoiak.

Beraz, bi aukera izango ditugu: bata, orain arte bezala jarraitu, politika egiten, egunerokotasunari eta kudeaketa soilari mugatutakoa (askotan, benetan zaila izaten dena, azken urteotan aplikatu diren politika neoliberalen ondorioz, gero eta botere gehiago eman zaielako espazio ekonomiko konkretu batzuei); edota estatu ikuspegia txertatua izango duten politikei ekin alor guztietan (harreman laboraletan, hezkuntzan, fiskalitatean, parte hartzean…), neurri zehatzekin Estatua eraikitzen hasi, egunerokotasunetik, egongo ez den “E egun”-ari itxaroten egon gabe.

EH Bilduren kide naizen aldetik, eta aipaturiko bi hitzordu horietan, badut pertsonalki eta badugu kolektibo gisa gure erantzukizuna; eta gure herriarekiko korrespontsabilitatez jokatu beharra. Pertsonen eskubideen aldekook eta egiazko demokrazian, erabakitze eskubidean, sinesten dugunok -eta independentistak garen heinean- ezin dugu hutsik egin. Lehendabizi, ekainaren 5ean bozkatzera joanez; eta bigarrenik, hortik aurrera etor daitezkeen aukerak baliatuz, ekainaren 5era iristeko egin den guztiagatik eta guztiengatik. Guk ere gure eginkizuna betetzeko ardura dugu. Eta, zentzu horretan, EH Bilduk ilusioz begiratzen dio etorkizunari. Nahiz eta aurrean izango ditugun arerioak -mozorro batekin zein bestearekin egon- ez diren gainditzeko errazak izango: batzuk Espainia erakargarriagoa eta demokratikoagoa irudikatzen saiatuko direlako, Euskal Estatugintza ahulduz; eta beste batzuk, orain arteko bideari eutsita, indarrean jarriko dituzten erasorako bitarteko guztiak erabiliko dituztelako eta ataka zailean jarriko digutelako. Baina, nork esan zuen bidea erraza izango zenik? Bidearen eraikuntza emaitza bezain pozgarria izaten dela argi dugu. EH Bildu, iraganeko akatsetatik ikasitakoa probestuz, duen kapital humano zintzo, langile eta leialarekin prest dago esparru guztietatik herritarren eskubideen alde eta desberdinen arteko elkarlanari ateak irekiaz Euskal Estatuaren eraikuntzaren alde inoiz baino kemen eta ekimen handiagoarekin lanean jarraitzeko, herritar guztiak parte izango diren Euskal Herri askea eraikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.