Ertzaintzak 48 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur Eibarren (Gipuzkoa). Emakume bati ostalaritza arloko lan kontratua eskaini ondoren hura bortxatzea egotzi diote.
Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak jakinarazi duenez, joan den hilabetean egin zion lan eskaintza gizonezkoak, eta gauez Ermuko (Bizkaia) bere etxebizitzara joateko esan zion emakumeari, "paperak sinatzeko". Itxura batean, etxebizitza barruan zirela, afaltzeko gonbitea egin zion gizonezkoak, eta ondoren ohera bultzatu eta bortxatu egin zuen, Ertzaintzaren esanetan.
Bertsio horri jarraiki, gizonezkoa komunera garbitzera joan zeneko unea aprobetxatu zuen ihes egiteko. Alabaina, lehenagotik jasotako mehatxuak zirela-eta emakumea ez zen herenegun arte salaketa jartzera ausartu.
Ertzaintza susmagarriaren bila hasi zen, eta horren berri jakitean, gizonezkoa bere kabuz aurkeztu zen ondoko herriko, Eibarko, polizia etxera. Atzo iluntzean eraman zuten epailearen aurrera, "sexu askatasunaren kontrako" delitua egotzita.
Eibarkoa ez da izan azken orduetako emakumeen aurkako indarkeriaren kasu bakarra. Izan ere, Barakaldon (Bizkaia) 49 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo ertzainek, ustez bere bikotekideari behin eta berriz erasotzeagatik eta beren etxebizitzan giltzapetua uzteagatik.
Ustezko erasotuak jakinarazi zuenez, bere bikotekideak kolpatu eta iraindu egin zuen eta, ondoren, etxebizitzatik alde egin zuen bera giltzapetuta utzita. Orduan ustezko erasotuak larrialdi zerbitzuetara deitu zuen. Ertzainak bertaratu zirenean, gizonezkoa itzulia zen eta, hortaz, atxilotu zuten. Emakumezkoak hainbat zauri zituen. Ustezko erasotzailearekin bizi zenetik tratu txarrak jasan zituela, eta lehenagotik ez zuela salaketa jarri zigorra jasotzeko beldur zelako aitortu zuen.
Emakume bat bortxatu zuelakoan gizonezko bat atxilotu dute Eibarren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu