Urte asko ondoren (frankismoa, trantsizioa, PSN neta UPNren Gobernuen aroa) aldaketa politikoa gauzatu da Nafarroan.
Urte luze eta beltz haietan pasatu da euskararen debeku eta persekuziotik beste egoerara euskararen aldekoago omen zena.
Ezin dugu ahaztu, lortutako egoera honetan ezinbestekoak izan dira herri ekimenak (Ikastolen eta gau eskolen sorrera, euskararen aldeko mugimenduen dinamikak eta jende askoren ahalegina).
Baina teorikoki egoera hobe honen sustraian oztopo handia den Euskararen legearekin topo egin genuen, berak indarrean jarri baitzuen Nafarroa eta bere biztanleen hizkuntz eskubideak banatzen duen zonifikazioa.
Lege honen kontrako mugimendu zabala sortu zen bere garaian, eta mugimendu horretan ideologi eta sentsibilidate anitzetako jendea murgildu zen, aurrean aipaturiko ekimenetan bezala. Ondoren azkeneko hamarkadetan Nafarroako Gobernuan izan den indar politikoak lege horrek ematen zituen zenbait aukeren irakurketa murriztailea egin du, eta euskara Administrazioa arautzeko zegoen aurreko Lege dekretua aldatu zuen euskararen ezagutzaren eskaera eta balorazioa txikiagoa izan zedin. Horrekin batera euskararen aurkako erasoak etengabekoak izan dira, Euskaltegien eta euskal hedabideen diru laguntzen murrizketak, Euskalerria Irratia lizentziaren kasua, Euskal Telebista ez ikusteko ekimenak, euskararen balioa gutxiesteko polítika orohar….
Beraz, orain zen, eta da aukera, aldaketa nabarmentzeko euskararen arloan ere, ba zen ordua euskarari eta euskaldunei zor zaigun ezagutza eta erreparazioa gauzatzeko. Zoritxarrez lehen urte honetan ikusi dugu nola lau alderdien arteko akordio programatikoan ez da, oraingoz, Euskararen ofizialtasunaren gaia sartu, eta Nafarroako Gobernuak, nahiz eta euskararen aldeko diskurtsoa jorratu eta zenbait neurri txiki hartu, motz geratu da euskararen normalizazioa eta euskaldunen eskubideak ezagutzea dituen beharrei aurre egiteko ordua. Ba liteke jarrera honetan Nafarroan aurrean boterean izandako alderdiek eta beste sektore faktikoen aurrean beldur gehiegi izatea.
Esan beharra dago ere aldaketaren aldeko zenbait alderdien euskararekiko jarrera ulergaitza dela, euskararen gaia, eta hizkuntz eskubideena ere, bigarren mailakotzat jotzen eta askotan beste alderdien dirudien diskurtsoa jorratzen, batzutan Gobernuak hartutako neurri xehe batzuen kontran agertzen.
Ez al dira konturatzen diskurtso honetan, Nafarroako biztanleen arteko hizkuntz eskubideen berdintasuna eta nafarren arteko ezagutza eta elkarbizitza zailtzen ari direla? Ez al dira konturatzen nafar eskuinaren diskurtsoa eta indarra elikatzen ari direla?
Beraz, berriro kalera atera beharren gaude, euskaldunok euskaraz bizi nahi dugula eta Ofizialtasunaren gaia ezin daitekeela utzi gerorako oroitarazteko. Orain da geroa, hain beste urteren ondoren. Bidenabar Nafar Gobernuari neurri ausartagoak har dítzala eskatuko diogu eta horietan babesa izango duela agerian utziko dugu.
Larunbat honetan, Iruñean, sentsibilitate anitzeko euskaldun eta euskaltzaleak daukagu hitzordua, jatorri ezberdinetako iritarrak ere deitutak daude, euskera guziona eta guztiontzat delako arratseko 5,30 Zinema Golemetatitik aterako den Manifestazioan, “Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu”.