Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak libre utzi du gaur Marian Beitialarrangoitia Hernaniko (Gipuzkoa) alkatea, neurririk gabe. EAE-ANVren ekitaldi batean egin zituen adierazpenengatik inputatu gisa deklaratu du gaur Beitialarrangoitiak Madrilen, "terrorismoa gorestea" egotzita. Ignacio Gordillo fiskalak alkateak bi astero auzitegi batean sinatzeko neurria eskatu du, baita Espainiako Estatutik irteteko debekua ere. Fiskalaren ustez, ez dago deliturik, ezta alkateak "ihes" egiteko arriskurik ere.
Hilaren 12an EAE-ANVk Iruñean Anaitasuna aretoan egin zuen ekitaldian elkartasuna adierazi zien Igor Portu eta Mattin Sarasola atxilotuei, eta, oro har, euskal preso politiko eta iheslari guztiei. Hori dela-eta, "terrorismoa gorestea" leporatuta salaketa sartu zuen Espainiako Fiskaltzak.
Alkateak gaur epaileari esan dio bere asmoa ez zela indarkeria "gorestea", "euskal presoekiko sentimendua adieraztea baizik". 11:30ean jarri zion hitzordua Pedrazek, eta ordu erdiz egon da harekin Hernaniko alkatea.
Zehazki, honakoa esan zuen Beitialarrangoitiak Anaitasunako ekitaldian: "Igor Portu, Mattin Sarasola, eta Espainian eta Frantzian zehar sakabanatuta dauden preso eta iheslari politiko guztiak: maite zaituztegu". Hitz horiek sekulako oihartzuna izan zuten berehala Espainiako komunikabideetan, ikus-entzunezkoetan batik bat. Anaitasunako ekitaldiak ordubete pasatxo iraun zuen; bertan, martxoaren 9ko hauteskundeetarako zerrendak aurkeztu zituen EAE-ANVk. Telebista kate gehienek, ordea, Beitialarrangoitiak presoei elkartasuna adierazi zieneko minutu erdi eskas hori baino ez zuten islatu. Tartean, Eusko Abertzale Ekintza legez kanporatzeko argudioa hitzotan dagoela iradoki dute askok.
Baltasar Garzon epailea izan zen lehenbizikoa, egun hartan bertan, iluntzean Ser irrati kateari emandako elkarrizketa batean: "Terrorismoa edo terrorismoarekin lotuta dauden pertsonak gorestea denentz ezartzeko eta zigor alorrean erantzukizunak xedatzeko jardun dezake fiskalak".
Hala, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Beitialarrangoitiaren aurkako salaketa jarri zuen hurrenego egunean. Halaber, Auzitegi Nazionaleko fiskal nagusi Javier Zaragozak poliziaren txosten zabalagoa eskatzeko agindu zion Ignacio Gordillo guardiako fiskalari. Izan ere, Beitialarrangoitiaren adierazpenen ostean, presoen aldeko txaloak eta aldarriak egon ziren Anaitasunan, eta hala nabarmendu zuen Espainiako Poliziaren txostenak.
Luesmak Hernaniko Udalaren kontrako salaketa sartuko du, honek alkatearen bidaiako gastuak ordaintzeagatik
Marian Beitialarrangoitia Hernaniko (Gipuzkoa) alkateak gaur Madrilera joan behar zuela-eta Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera, herri hartako Udalak bidaiaren gastuak ordaintzea erabaki zuen, eta Espainiako Gobernuaren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako ordezkari Paulino Luesmak Udalaren kontrako salaketa sartuko du horregatik.
"Izan ere, ETAren biktimen kontrako erabakia da. Udaleko arduradunak ETAko kide hiltzaileen aldeko txaloa eskatu zuen, eta gero Udalaren babes ekonomikoa eta morala jaso du. Horrek ezin du, ordea, horrela gelditu", esan du Luesmak.
Epaileak libre utzi du Hernaniko alkatea, neurririk gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu