Juan Jose Ibarretxe (Eusko Jaurlaritzako lehendakaria)
"Poza agertzen dugu, zentzugabekeria hau bukatu delako. Bultzada politikoa izan du auzi honek. Bestetik, ordea, kezka dugu, mamira sartu gabe geratu garelako eta Atutxa auzia-ren bidea har dezakeelako. Espero dugu elkarrizketa politikoa akusatuen aulkian sekula ez ikustea".
Patxi Lopez (PSE-EEko idazkari nagusia)
"Politika judizializatzea ez da konponbidea, arazoa da, eta inori ez zaio komeni, eta horrek parte denei kentzen die zilegitasuna. Inora ez garamatza horrek. Eskubiak eta PPk estrategia aldatu beharko lukete; euren arrazoiak azaldu beharko lituzteke, eztabaida eta kritika politiko bidez. EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiak erakutsi du arrazoi genuela, deliturik ez genuelako egin eta auziak zentzurik eta oinarririk ez zuelako".
Arnaldo Otegi (ezker abertzaleko kidea)
"Auzi honekin esan nahi zutena da gatazka konpontzeko elkarrizketa eta negoziaziorik ez, gatazka bukatzeko arlo judiziala, poliziala... erabiliz, horrela bukatzea ezinezkoa dela ikusi izan denean. Etorkizunean ere elkarrizketa eta negoziazioa erabili beharko dira konponbidea lortzeko".
Jone Goirizelaia (ezker abertzaleko akusatuen abokatua)
"Kasua artxibatzea zen EAEko Auzitegi Nagusiari teknikoki geratzen zitzaion bide bakarra, eta Espainiako Auzitegi Gorenak erabakia berrestea izango da logikoena. Politikan parte hartzea eta konponbidea bilatzea ez fiskalizatzeko eskatzen dugu".
Iñigo Urkullu (EAJko EBBko presidentea)
"Erabaki hau bukaerako geltokia izatea espero dugu, gertatu behar ez zuena gertatu da-eta. Batzuek lehendakaria aulkian eserita ikustea nahi zuten. Ibarretxek elkarrizketa gauzatu zuen, eta hori zilegi dela deritzogu".
Antonio Basagoiti (EAEko PPko presidentea)
"Ibarretxek eta Lopezek oso akats handia egin zuten, terroristei arnasa eta protagonismoa eman zietelako. Halakorik berriro ez egiteko eskatzen diet".
Mikel Arana (EBko Presidentziarako bozeramailea)
"Erabaki honek frogatzen du Justizia eskizofrenikoa dela hemen: bi urte pasan egon da auzibidea zabalik eta orain itxi egin dute. EAEko Auzitegi Nagusiak elkarrizketa politikoaren zilegitasuna berresteko beldurra izan du".
Aintzane Ezenarro (Aralarko legebiltzakidea)
"Auzi honek ez du zentzurik izan, baina gu bukaeraraino heltzearen aldekoak ginen, elkarrizketa politikoa delitua den edo ez ikusteko".
Daniel Portero (Dignidad y Justicia elkarteko presidentea)
"Auzia artxibatuta, terroristekin elkarrizketa egiteari zilegitasuna eman dio EAEko Auzitegi Nagusiak. Espainiako demokraziaren historian lehen aldiz gertatu da hori. Terrorismoaren biktimok, ordea, ez gara geldituko, eta helegitea sartuko dugu".
ERREAKZIOAK. Ibarretxe: "Mamira sartu gabe geratu gara"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu