Gaur goizaldean eztanda egin duten lehergailuek eta ETAk igorrita BERRIAk eta beste zenbait komunikabidek gaur plazaratu duten agiriek erreakzio andana sortu dute. Besteak beste, honakoak:
Jaurlaritza: "ETAren iritziek ez dute iruzkinik merezi
Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Idoia Zenarrutzabeitiak esan du, ETAren iritziek ez dutela iruzkinik merezi, "bereziki atentatuekin eta alderdi demokratikoei mehatxu eginez datozenean". ETAri armak uzteko eskatu dio, eta "euskal gizartearen gehiengoak indarkeria gaitzesten duela" azaldu du. Gainera, bere iritzian "euskal gizarteari ez zaizkio gustatzen "politika egin nahi dutela esan eta gero atentatuak egiten dituztenak".
Nafarroako Gobernuak dio ETAk jarrera "miserablea" erakutsi duela
Alberto Catalan Nafarroako Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez, "lehergailu horiek jarrita, ETAk bere jarrera miserablea azaldu du berriz ere". Atentatuak "irmoki" gaitzesten dituztela esan du. ETAk "presioa, mehatxua eta odolaren bidetik atera eta eztabaida demokratikoan sartzeko ez duela asmorik erakutsi du", Nafarroako Gobernuaren iritzian. ETAri ohartarazi dio "nafarrekin ezin" izang duela, "sistema demokratikoarekin ezta ere, eta are gutxiago espainiarren zuzenbide estatuarekin".
EAJ: "Politika egiteko garaia da"
Euskal Herriko lau epaitegitan izan diren leherketak gaitzetsi egin ditu EAJk, kaleratutako oharrean. Beraien iritzian "hizki haundietan politika egiteko garaia" dela azpimarratu dute. "Armak isildu eta indarkeria ekintzak amaitzeko garaia iritsi da". Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko, behar beharrekoa baita EAJren iritzian, "indarkeria amaitzea".
Kalte pertsonalik izan ez delako pozten dela azaldu du EAJk. "Indarkeriak sufrimendua luzatu besterik ez" duela egiten uste dute, eta beraz, haren erabilera gaitzetsi.
Lopezek dio "lehergailuen babesean datorren agiria" ezin dela baloratu
PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezen iritzian, "lau lehergailuren babesarekin datorren agiria" ezin da baloratu. Lopezek kritikatu egin du, ETAk, alde batetik, Gernikako Estatutuaren urteurrenaz agiria atera, eta "eztabaida politikoan parte hartzen saiatzea", eta aldi berean, "lau lehergailu jartzea". Izan ere, Lopezen iritzian, "politika eta indarkeria ez dira bateragarriak".
Zaplanak "Zuzenbide Estatuarekin" ETAren kontra egiteko deia egin du
Espainiako Kongresuan PPk duen bozeramaile Eduardo Zaplanak epaitegien kontra egindako erasoak gaitzetsi ditu, eta ETAren kontra "Zuzenbide Estatuak duen indar guztiarekin" egiteko deia egin du.
Zaplanaren iduriko, ETAk ez du bere estrategia aldatuko. Egingo duela "interes arabera moldatzea" izango dela azaldu du "hiltzaile batzuk direlako". Bestela pentsatzen duenik ere badela esan du, baina bere iritzian oker daude haiek.
PSN: "ETAk ez du helburua beteko indarkeria erabiliz
PSNko idazkari nagusi Carlos Chivitek "indar guztiz" gaitzetsi ditu "ETAk egin dituen atentatuak", eta "indarkeria erabiliz" ez dutela "beraiek helburua lortuko" abisu eman die. Leherketek eragin dien bizilagunei bere elkartasuna azaldu die Chivitek, eta segurtasun indarrak zoriondu.
Indar politikoei, Nafarroako instituzioei, enpresa erakundeek, eta erakunde sindikal zein sozialei "terrorismoaren gaitza gure herritik botako duen bloke bat eratzeko" eskatu die.
CDNren iduriko ETAk bere aurpegi faltsua bistan jarri du
"Elkarrizketaren alde dagoela esan ondoren atentatuak eginda, ETAk bere aurpegi faltsua bistaratu" duela azaldu du CDNk, atentatuak gaitzetsi ondotik. Azaldu duenez, ETAk "ez du lortuko herritarrak eta instituzio publikoak makurraraztea". ETAk norabidea aldatu beharko lukeela azaldu du CDNk".
Normalizazio prozesurako traba dira leherketak EAren ustez
EAk gaitzetsi egin ditu epaitegien kontrako atentatuak, eta beraien iritzian "normalizazio politikorako prozesurako traba garbia dira". Alderdi horren ustez, "indarkeria ekintza horiek demokraziaren oinarrizko printzipioen kontra doaz". EAk azpimarratu duenez, "euskal gizartearen gehiengoak elkarbizitza baketsu eta giza eskubideen alde egiten du".
EBren iritzian erasoak ez datoz bat hitz egiteko borondatearekin
EB-Berdeek, IUNk eta IUko koordinatzaile orokor Gaspar Llamazaresek antzeko adierazpenak egin dituzte atentatuen aurrean. Beraien iritzian, ez datoz bat "ETAk daukala dioen hitz egiteko borondatea eta lehergailuak jartzea". IUNk azpimarratu du gisa honetako ekintzak dauden bitartean ez dela negoziaketarik egongo.
EB-berdeek "euskal gizartearen nahia errespetatzeko" eskatu diote ETAri, "gizartearen gehiengoak azaldu du indarkeriaren kontra dagoela, eta giza eskubideen, bakearen eta elkarrizketaren alde".
Erreakzioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu