ERREAKZIOAK.

2007ko urriaren 9a
18:38
Entzun
EAJ: "Atentatuaren egileek metodo faxistak eta mafiosoak erabiltzen dituzte"

Iñigo Urkullu (EAJren EBBren bozeramailea): "Edozer balorazio politiko egin aurretik, EAJk salatu egin nahi du herritar zibil baten kontra kalearen erdian egindako atentatua. Indarkeriazko metodo hauek eraso egiten diete oinarrizko giza eskubideei. Haien arduradunek metodo faxistak eta mafiosoak erabiltzen dituzte; herritarrek nahiko lituzketenen antipodetan dauden metodoak, alegia. Era berean, mehatxua, estortsioa eta atentatuak norbere helburu politikoak betetzeko egitea justifikatzen dituztenen erabateko balorerik eza ere salatzen du EAJk. Bakea lortzeko ETAren su-etena behar da, atzeraezina eta unibertsala. Eta Euskadiren etorkizun politikoaren gainean edonolako zaindaritzarik gabeko su-etena beharko duela izan, gainera".

UPN: "Anbiguotasunak ez du balio"

Alberto Catalan (UPNren idazkari nagusia). "Horrelako ekintza kriminalaren aurrean, anbiguotasunak ez du balio, eta errukirik gabe egin behar da terroristen eta hauek babesten dituztenen kontra. Bistan da zein izan den haien helburua beti: erakundeak eta zuzenbide estatua menperatzea".

Nafarroa Bai: "Batasunari gogoeta egiteko eskatzen diogu"

"Gogor gaitzesten dugu atentatua, eta Batasunari gogoeta egiteko eskatzen diogu, ETA indarkeriari itzultzea justifikaezina delako. Batasunari berari egiten dio horrek kalterik handiena. Bide politikoen aldeko defentsa berresten dugu, baina erakunde politiko denen parte-hartzearen eskubidearen defentsa ere".

PP: "Bat eginda geundenean, horrelakoak ez ziren gertatzen"

Alfonso Basagoiti (Bilboko zinegotzia): "Ezin gara inori leporatzen hasi gertatzen ari dena, baina bat eginda geundenean, horrelakoak ez ziren gertatzen. Bizkartzainek lan handia egiten dute".

EB: "Ekintza fanatiko hau salatu beharra du Batasunak"

Javier Madrazo (EBren koordinatzaile nagusia): "Batasunak ekintza fanatiko hau salatu beharra du. Ezker abertzalearen zuzendaritzak ez du zilegitasun etikorik eta politikorik izango Batasunaren buruzagitzaren kontrako operazio judizialak salatzeko, baldin eta hildakoak sortarazi nahi dituen atentatuaren aurrean isilik geratzen bada. Alderdi politiko eta erakundeek konpromiso argia izan behar dute giza eskubideen eta elkarrizketa demokratikoaren alde egiteko".

Julia Madrazo (Bilboko alkateordea): "Espero zen atentatu bat Pernando Barrenaren adierazpenen ondoren. Betikoen gerra adierazpena da hau, indarkeria erabiltzen dutenena".

Aralar: "ETAri berehala armak uzteko eskatzen diogu"

"Bizkartzain zaurituari elkartasuna adierazteaz batera, ETAk berehala armak uzteko eskatzen diogu. ETAk gizartearen esku utzi behar du etorkizuna. Euskal gizarteak ez ditu horrelako ekintzak onartzen, bizkarra ematen die. Indarkeriazko ekintzak iraganekoak dira, ez dute laguntzen gatazka bukatzen; are gehiago, larriagotu egiten dute eta herri honen etorkizunaren kontra doaz".

IU: "ETAk su-etena hautsi zuenetik jauzi kualitatiboa eman du gaur"

Gaspar Llamazares (IUren koordinatzaile nagusia): "Inork ez dezala atentatua baliatu demokraton batasuna ahultzeko. ETAk hiltzeko borondatea dauka, eta su-etena hautsi zuenetik jauzi kualitatiboa da gaurkoa".

CiU: "Ezin da Batasunaren kontrako operazioarekin lotu"

Josep Antoni Duran i Lleida (CiUren bozeramailea Espainiako Kongresuan). "Egongo da atentatu hau Batasunaren buruzagien kontrako operazioarekin lotuko duenik baina, nire ustez, ezin da lotu. ETAk hil egin nahi du eta, orain arte lortu ez badu, ezin duelako izan da, besterik gabe. Demokraziak ETA garaitzen bukatuko du".

BNG: "ETAk bere desagerpena iragarri beste biderik ez du"

"Oinarrizko giza eskubideen kontra egin du gaur ETAk, eta hori ez da onartu. ETAk bere desagerpena iragarri beste biderik ez du. Alderdi demokratiko denen batasuna eskatzen dugu terrorismoari zilegitasuna kentzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.