ERREAKZIOAK.

2008ko urtarrilaren 7a
17:59
Entzun
Batasuna

Karmelo Landa Batasunaren zuzendaritzakideari "benetan larria" iruditzen zaio Igor Portu, "Guardia Zibilaren eskuetatik pasatu ondoren", erietxera eraman izana. "Gorka Lupiañezen aurrekari larriaren ondoren gertatu da; Lupiañezek ere torturak jaso izanaren salaketa larria eta beldurgarria egin zuen".

Azkeneko gertaeraren inguruan "argi eta garbi erantzukizunak hartzea" eskatu du Batasunak.

EA

Maiorga Ramirez Nafarroako EAren presidentearen ustez, Igor Portu erietxera eramatea "oso-oso gertaera larria" da eta hori ikertzeko eskatu du. "Izan ere, bistan da ez direla giza eskubideak errespetatu, ezta atxilotuarekiko bermeak ere. Salatu egiten dugu hori, eta ikerketa exijitzen dugu".

Guardia Zibilaren jokabidea "kritikatu" du EAk, baita Espainiako Estatua ere. "Inpunitatearekin segitzeko eusten dio Estatuak inkomunikazio egoerari".

Lesakarra da Portu, eta EAk Nafarroako Parlamentuko bozeramaileen batzordearen "premiazko" bilera eskatu du, "honek berehalako erantzun politikoa behar duelako".

Aralar

Aralar-ek "gogor gaitzetsi" du gaur goizaldean Igor Portu arreta intentsiboen gunean ingresatu behar izana, "tortura bortitzen ondorioz" sartu dutelakoan. "[Espainiako] Estatuko polizia indarrek torturatzen jarraitzen dute, eta hori onartezina da". Haren ustez, horrek "arduradun politikoen oniritzia" dauka. "Estatuko polizia indarrek ez dituzte atxilotutakoen giza eskubideak errespetatzen eta, ondorioz, arduradun politikoen bizkar dago ardura, gisa honetako gertaerak saihesteko ez dutelako ezer egiten".

"Ezinbestekoa" iruditzen zaio inkomunikazioa behin betiko amaitzea, eta atxilotutakoek konfiantzako abokatuarekin harreman zuzena eduki ahal izatea.

Gertatutakoa argitzeko premiazko ikerketa zabal dadila eskatzen du Aralarrek, eta bi atxilotuentzat Habeas Corpusa ere bai.

ELA

ELAk atxilotuek polizia etxeetan jasaten duten "babesgabetasuna" behin betiko amaitzeko eskatu du. Era berean, Igor Porturi gertatutakoa argitzea eta ardura politikoak argitu daitezela eskatu du. "Ezinbestekotzat jotzen dugu atxilotuen inkomunikazioa amaitzea, inkomunikazioak zigorgabetasunari ateak zabaltzen dizkiolako. Ezin dira onartu gizakien eskubideen urraketak ahalbidetzen dituzten gune hauek".

Politika horren aurkako jarrera azaltzeko "eta, bide batez, giza eskubideen aldeko konpromisoa berresteko", ELAk elkarretaratzea egingo du ostegunean Bilbon, Moyua enparantzan, 12:00tatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.