ERREAKZIOAK

2008ko irailaren 12a
17:09
Entzun
Patxi Lopezen arabera, Europan salaketa jartzeak krisi ekonomikoa larri dezake

Galdeketa defendatzera Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzeak kaltea besterik ez die ekarriko euskal herritarrei Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiaren iduriko, eta, horrenbestez, asmo hori bertan behera uzteko eskatu dio Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariari. "Aurrez diezaigutela agintariak Estrasburgon plantak egiten ikusi beharra", adierazi du. "(Salaketak) ez dauka aurrerabide legal eta politikorik. Aitzitik, administrazio zentralaren eta euskal administrazioaren arteko enfrentamendu itxura emango du, eta horrek ez die mesederik egiten esku artean ditugun proiektuei".

Hain zuzen ere, galdeketaren defentsarekin eta salaketekin aurrera segitzeak "ziurtasun eza" sortuko du Lopezen iduriko, eta krisi ekonomikoa larriaraziko. "Norberaren obsesioetan oinarritutako politikekin ez dugu Euskadi krisitik ateratzeko lekuetan kokatuko, baizik eta ziurtasun gabeko giroa sortuko dugu zalantza gabe inbertsioetan eta lanpostu sorreran eragingo duena".

Ezker Abertzalea taldea: "Konstituzioaren kaiolatik atera behar dugu herri hau"

EHAKren Eusko Legebiltzarreko taldearen iduriko, Konstituzionalaren epaiak argi eta garbi utzi du Espainiako Konstituzioak ez duela erabakitzeko eskubidea onartzen, eta, horrenbestez, Euskal Herria "Konstituzioaren kaiolatik" ateratzeko premia aldarrikatu dute. "Konstituzionalak ezin zuen argiago esan: marko honetan ez dago Espainia ez den subjektu erabakitzailerik", azpimarratu dute.

Hirukoaren eta Aralarren Estrasburgora jotzeko asmoa "alferrikakoa" dela erantsi dute Julian Martinez, Nekane Erauskin eta Itziar Basterrika legebiltzarkideek, eta EAJk hori badakiela. Hain zuzen ere, bitartean PSOErekin tratuak egiteko hartu duela bide hori uste dute Ezker Abertzalea taldeko kideek.

PPren arabera, "Konstituzioaren eta Zuzenbide Estatuaren garaipena" da epaia

Pozarren agertu da Soraya Saez de Santamaria PPren Espainiako Kongresuko bozeramailea Auzitegi Konstituzionalaren epaiariekin. Lehenik eta behin "Konstituzioaren eta Zuzenbide Estatuaren garaipena" dela azpimarratu du, eta, ondoren, PPk kontsulta legearen kontrako helegiteetan emandako argudioak bere egin dituela Auzitegi Konstituzionalak.

Aralarren iduriko, Konstituzioa "demokraziaren eta giza eskubiden gainetik" jarri du epaiak

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak auziaren irakurketa "atzerakoi eta murritza" egin du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailaren iduriko, "Konstituzioa demokraziaren eta giza eskubideen gainetik jarri du". Ildo horretatik, epaiaren kontra egin behar dela iritzi dio Zabaletak, eta garai bateko pase forala, foruek Estatuaren hainbat aginduri aurre egiteko ematen zuten eskubidea, aipatu du. "Espainiera modernora itzulita horrek esna nahi du men egiten dela legeak agindurik, baina ezadostasuna agertzen dela printzipio demokratikoengatik. Hori dela eta, epaia baliogabetzeko lan egingo dugu bide demokratiko guztietatik", adierazi du.

Aralarreko koordinatzaileorde Jon Abrilek agertu du Estrasburgon salaketa aurkeztea ez ezik, beste gizarte ekimen batzuk ere aurrera eramatea aztertzen ari direla Hirukoa eta Aralar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.